Eguna 10:00etan hasiko da, TikiToki Zentroan, ongietorri-aurkezpenagaz. Hala ere, Fadurara taldean oinez joan gura dutenek lehenago elkartzeko aukera izango dute: 09:00etan abiatuko dira martxak Gobelako kiroldegitik eta Algortako Geltokiko plazatik.
Behin Faduran, parte-hartzaileek hainbat kirol-modalitate probatzeko aukera izango dute: gimnasia, pilates, stretching, yoga, indar-entrenamendua, aquagym, mahai-tenisa, indoor-bizi, petanka eta padela. Pertsona bakoitzak gehienez bi jardueratan eman ahal izango du izena.
Topaketari amaiera emateko, festa egingo dute berriro TikiToki Zentroan, 13:00etatik aurrera. Antolatzaileen esanetan, ekimenak adineko pertsona aktiboak ikusarazi eta aitortu gura ditu, baina baita oraindik jarduera fisikoa egiten ez duten herritarrak kirolera hurbildu ere.
Jarduera guztiak doakoak izango dira. Informazio gehiago jasotzeko, interesdunek 747 439 545 telefonora deitu, Fadura eta Gobelako arreta-bulegoetara jo edo atencionalclientegk@getxo.eus helbidera idatzi dezakete. Gainera, berrikuntza gisa, WhatsApp kanal bat jarri dute martxan topaketa honi eta etorkizuneko +60 kirol-ekimenei buruzko informazioa modu zuzenean jasotzeko.