Udalak 200.000 euro bideratuko ditu laguntza-lerro honetara, eta kopurua 250.000 eurora arte handitu ahal izango da. Aurreko deialdian, 2024-2025 aldian, 127 laguntza eman ziren, guztira 195.257 euroko zenbatekoagaz. Gainera, laguntza horiek bateragarriak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa programagaz; programa hori 23 eta 29 urte arteko gazteen emantzipazioa errazteko laguntza da.
Laguntzek alokairu-gastuen %20 eta %50 artean estali ahal izango dute, garaje, trasteleku, komunitate eta administrazio-gastuak kanpo utzita. Oro har, laguntza ezingo da hilean 550 eurotik gorakoa izan, salbuespen-kasuetan izan ezik. Gehienez 12 hileko kuota lagunduko dira, 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarteko alokairuei dagozkienak.
Deialdiak zenbait baldintza nagusi jasotzen ditu. Alokairuaren gehieneko errenta 1.100 eurokoa izango da hilean, eta salbuespen-kasuetan 1.500 eurora iritsi ahal izango da. Diru-sarrerei dagokienez, 2024ko ekitaldi fiskala hartuko da kontuan: A eta B motako bizikidetza-unitateek gehienez 29.784 euroko diru-sarrerak izan beharko dituzte, eta C motakoek 46.463 eurokoak. Kasu guztietan, urteko diru-sarrerak 3.000 eurotik gorakoak izan beharko dira.
Eskaerak Getxoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira, edo aurrez aurre, Torrene kaleko 3. zenbakiko Herritarrentzako Arreta Bulegoan. Aurrez aurreko arretarako, hitzordua eskatu beharko da 94 466 00 44 / 45 telefonoetan. Informazio gehiago jasotzeko, telefono horietara deitu edo ayudasalquiler@getxo.eus helbidera idatzi daiteke, kontsultetarako.