Udalaren arabera, ukitutako eremuak 2,4 hektarea hartzen ditu, eta Europar Batasuneko Habitaten Zuzentarauak aktibo natural gisa aitortzen duen kostaldeko txilardi lehor atlantikoen lehentasunezko habitatagaz lotuta dago. Horregatik, bertan egiten den ospakizunerako balizatu egingo dute eta Udaltzaingoak zainduko du; era berean, azken urteetan pinudiaren eremuan ezarritako mugak ere indarrean jarraituko dute.
Amaia Aguirre alkateak adierazi duenez, "Getxon hain errotuta dagoen jai baten gozamena ingurunearekiko eta ingurumenarekiko errespetuagaz uztartu behar dugu. Bereziki eremu hauskorra da, zaindu eta babestu beharrekoa. Zeregin horretan inplikatu behar dugu, eta erakundeek eta herritarrek elkarrekin topo egin, ospakizun horretaz modu jasangarriagoan gozatzen jarraitu ahal izan dezagun".
Neurriak bereziki eragingo die esparru ofizialetik kanpo jaia egiten duten kuadrillei, beraz, iragarri dute Getxo Kulturak, Udalagaz elkarlanean, bitartekotza-lana egingo duela egun horretan segurtasuna areagotzeko, arriskuak minimizatzeko eta ingurumenarekiko zein garbitasunarekiko errespetua sustatzeko. Udalak aurreratu du, gainera, informazio-kartelak jarriko dituztela hondakinak bereizteko puntuak, ebakuazio-bideak, suteetarako babes-baliabideak, puntu morea, anbulantziaren kokalekua edo iturriak, besteak beste, behar bezala adierazteko.
Mugak ezartzeak ondorio praktikoak ere izango dituela gaineratu dute: mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku erreserbatua lekuz aldatu beharko dute metro batzuk, eta gune berria seinaleztatuta egongo da. Halaber, Udalak azpimarratu du urteotan jaialdiaren inpaktua gutxitzeko eta kontzientziazioa indartzeko hartutako neurriak mantenduko direla.
