Eskolatik plazara, bertsoen bidez

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 3a

Topaketan Getxoko ikastetxeetako LH 5 zein LH 6ko 300 ikasle inguruk hartu zuten parte.

Muxikebarrik bertsoz bete zuen atzoko goiza Eskolatik Plazara bertso-festaren eskutik. Bertan Getxoko ikastetxeetako LH 5 zein LH 6ko 300 ikasle inguruk hartu zuten parte, urtean zehar ikasitakoa oholtza gainean erakusteko.

Getxoko Udalak bertsolaritza klaseak eskaintzen dizkie ikasturtean zehar herriko ikastetxeetako ikasleei, Nahikari Ayoren gidaritzapean. Saio horietan landutakoa partekatzeko aukera izan zuten ikasleek Muxikebarrin, ALBEgaz elkarlanean antolatutako bertso-festan.

Guztira, sei ikastetxetako ikasleak batu ziren hitzorduan: Andra Mari, Geroa, Gobela, San Nikolas, Romo eta Zabala. Ikasleak izan ziren goizeko protagonista nagusiak, eta taldeka igo ziren oholtzara bertsoak kantatzera. Horrez gain, Miren Artetxe eta Unai Mendiburu bertsolariek ere parte hartu zuten.

Saioa bertsolarien lehen agurragaz hasi zen. Hortik aurrera, ikasleen bertsoek hartu zuten lekukoa, ikastetxez ikastetxe. Gero, bertso-saio berezia egin zuten: agurrak, ofizioak, tabu jolasa, objektuak, lehen puntuak eta ikasleen arteko puntukako ariketak tartekatu zituzten.

Eskolatik Plazara ekimenaren helburua bertsolaritza ikasgelatik atera eta plazara eramatea da; hau da, ikasitakoa modu bizi, kolektibo eta dibertigarrian partekatzea. Horrela, ikasleek ez dute soilik bertsoak sortzen eta kantatzen ikasten, euskaraz jolasteko, adierazteko eta elkar entzuteko espazio bat ere eraikitzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun