Bizkaia zubia erreskate teknikoaren agertoki bihurtuko da aste-akabuan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 4a

Herritarrek erreskate-taldeen lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Bizkaia zubiaren ingurua erreskate teknikoaren erakusleiho bihurtuko da aste-akabu honetan. Ekainaren 5ean eta 6an, Estatuko hainbat lekutatik etorritako larrialdietako 100 profesional baino gehiago batuko dira Getxo eta Portugalete artean, Euskadin egingo den lehen jardunaldian.

Bizkaiko I. Erreskate Teknikoari buruzko Jardunaldia izango da, eta soka bidezko erreskateetan eta altuerako maniobretan adituak diren profesionalek parte hartuko dute. Bi egunez, Zubi Eskegiaren inguruan eta itsasadarraren bi ertzetan, erreskate-ariketa teknikoak eta jarduera operatiboak egingo dituzte.

Ekimen aitzindaria da Euskadin, eta antolatzaileen arabera, Bizkaia Europan hiri-agertoki berezietan erreskate teknikoari buruzko topaketak egiten dituzten lurraldeen artean kokatuko du. Jardunaldirik ikusgarriena zapatuan izango da, 08:00etatik 18:00etara.

Jardunaldia Euskadiko Soka Erreskate Teknikoen Sorosle Elkarteak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren laguntzagaz. Horrez gain, Getxoko eta Portugaleteko udalen eta Bizkaia Zubiaren babes instituzional eta logistikoa izango du.

Ariketa praktikoez gain, ezagutza teknikoa trukatzeko, prestakuntza espezializatua lantzeko eta larrialdi-zerbitzuek egiten duten lana herritarrei hurbiltzeko jarduerak ere egingo dituzte. Horrela, koordinazioak, berrikuntzak eta segurtasunak erreskate konplexuetan duten garrantzia nabarmendu gura dute.

Antolatzaileek azpimarratu dute herritarrek aukera izango dutela erreskate-taldeen lana gertutik ezagutzeko, eta Bizkaia zubiaren ingurua larrialdi-prozedura aurreratuen praktikarako eta dibulgaziorako gune berezi bihurtuko dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun