“Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua” lelopean Garabide, Plazara eta Soziolingustika Klusterragaz elkarlanean antolatutako kongresuak munduko hizkuntza komunitate ezberdinak bildu, biziberritze-diskurtsoen inguruan gogoeta egin eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak mundu mailan eta modu eraldatzailean kokatzeko helburua du.
Goiz beteko egitarauan, bi ekarpen jaso nahi izan ditu Euskaltzaleen Mugimenduak: Batetik, Hego globaleko hizkuntza gutxituak zein kontakizun berritzaile edo interesgarri egiten ari diren. 70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak ikuspuntu intersekzional batetik aztertu ondoren, Taupako Julene Samuel eta Manuel Morenok Euskal Herriko mugimendu eta eragile ezberdinekin gogoeta saio ezberdinetan jasotako lehen emaitzak azaldu zituzten.
Bestetik, ikuspegi intersekzionala aintzat hartuz hizkuntzaren inguruko kontakizunak antirrazismo, feminismo eta ekologismotik datozenekin, nola josi daitezkeen aztertu zen. Mugimendu ezberdinetatik zer ikasi, nondik elikatzen ditugun diskurtso horiek, zerk balio dezake euskararen biziberritzerako, moduko galderak Erromoko Kultur Etxearen batzar aretoan aurkeztu ziren. Bide honetan, eta Onintza Olaizolak gidatuta, beste hiru hitzaldi antolatu ziren non Leo Bueriberik, Aritz Landetak eta Miren Artetxek parte hartu zuten.