Getxo Music & Foodek hamar urte beteko ditu Portu Zaharrean

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 5a

Antolatzaileen arabera, jaialdiak bere "alma lokala" mantendu gura du.

Getxo Music & Food jaialdiak hamargarren edizioa ospatuko du aurten, eta urteurrena formatu zabalagoagaz etorriko da: hiru eguneko musika eta gastronomia eskaintza antolatu dute ekainaren 12tik 14ra, Algortako Portu Zaharrean.

Jaialdia dagoeneko udako hitzordu finkoetako bat bihurtu da Getxon, eta aurten ere zuzeneko musika, tokiko talentua eta foodtruckak uztartuko ditu, itsaso ondoan eta publiko guztientzako giro irekian.

Hamargarren edizio honetan, antolatzaileek bereziki nabarmendu gura izan dute jaialdiak urteotan tokiko taldeei eman dien bultzada. Izan ere, Getxo Music & Food hasieratik izan da Getxo Sound deituriko eszena musikalaren sustatzaileetako bat, herriko eta inguruko hainbat talderi ikusgarritasuna emanez.

Aurtengo egitarauan, besteak beste, Los Brazos, Unicorn Riders, El Menton de Fogarty, Moses & The Tablets, The Last Waltz eta Ñam Session taldeak izango dira. Kontzertuak barikuan arrastian hasiko dira, zapatuan egun osora zabalduko dira, eta domekan ere izango da musikaz gozatzeko aukera.

Musikaz gain, gastronomiak ere bere lekua izango du jaialdian. Foodtrucken eskaintzari esker, bertaratzen direnek kontzertuen artean jateko eta giroaz lasai gozatzeko aukera izango dute.

Antolatzaileen arabera, jaialdiak bere "alma lokala" mantendu gura du, Getxoko musika-identitatea balioan jarri eta adin guztietako publikoa erakartzeko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun