Getxo Rugbyk Elite mailarako igoera lortu du

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 8a

Getxo Rugbyk partida guztiak irabazita heldu ziren azken hitzordura. © GETXO RUGBY

Getxo Rugbyk denboraldi historikoa borobildu zuen joan den zapatuan Faduran. Talde hori-beltzak 22-13 irabazi zion Alcalari igoerako play-offaren finalean, eta datorren denboraldian DH Elite mailan arituko da, estatuko errugbiaren zilarrezko kategorian.

Kemen Goitiandiak zuzendutako jokalariak partida guztiak irabazita heldu ziren azken hitzordura, baina finala ez zen batere erraza izan. Alcalák lehen zati oso serioa egin zuen, eta 3-13 jarri zen aurretik markagailuan. Getxori kosta egin zitzaion partidaren erritmoa hartzea, eta une batzuetan madrildarrek ezustekoa emateko aukera izan zuten.

Hala ere, etxekoek ez zuten amore eman. Lehen zatiaren amaieran, Alcalako bi kanporaketa tenporal ia jarraian aprobetxatu zituzten aldea murrizteko, eta atsedenaldira 10-13koagaz heldu ziren. Hortik aurrera, partida erabat aldatu zen.

Aldageletatik bueltan, Getxok aurrerapausoa eman zuen. Marlo Weichek bigarren entsegua egin zuen, eta talde hori-beltza lehen aldiz jarri zen aurretik finalean. Markagailua alde zuela, Getxok lasaiago jokatu zuen, defentsan sendoago agertu zen eta Alcalaren erreakzio saiakerak geldiarazten jakin zuen.

Azken unean lehertu zen poza Faduran. Alejo Sotillok azken jokaldian entsegu erabakigarria egin zuen, eta Enrique Tobiok transformazioa gauzatu zuen, 22-13koa behin betiko ezarriz. Azken txistuagaz batera, zaleek eta jokalariek denboraldi osoan bilatutako igoera ospatu zuten.

Lorpenak balio berezia du, Getxok 24 partida jokatu eta 24ak irabazi dituelako. Lehen fasean nagusi izan zen, igoera multzoan ere ez zuen aurkaririk izan, eta play-offean erakutsi du denboraldi osoan zehar eraikitako sendotasuna ez zela kasualitatea.

Datorren denboraldian, gainera, Bizkaiak bi talde izango ditu DH Elite mailan: Getxo Rugby eta Gernika RT. Gernikarrak maila gorenera igotzeko ateetan geratu ziren, Pozueloren aurkako finala galdu ondoren, baina zilarrezko kategorian jarraituko dute.

Getxorentzat, igoera hau denboraldi perfektu baten saria da, Fadurako zaleakaz partekatutako poza eta klubaren historiarako beste kapitulu handi bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun