Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina berriro abiatu dute Getxon

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 10a

Aurreko edizioko saridunek ere bat egin dute kanpainaren mezuagaz. © GETXOKO UDALA

Getxoko eta Basauriko udalek Gidabaimena euskaraz kanpainaren edizio berria jarri dute martxan, ALKARBIDE Euskara Zerbitzuen Bilgunearen laguntzagaz. Ekimenaren helburua gazteak autoaren eta ziklomotorraren gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egitera animatzea da.

Getxon, Udalak gehienez 300 euroko laguntza emango die gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egiten duten gazteei, betiere kanpainagaz bat egin duten udalerriko bost autoeskoletako batean prestatzen badira.

Aurten, gainera, pizgarri gehiago ere izango dira. Euskadiko Autoeskolen Federazioak, Gidatu euskaraz kanpainaren barruan, bi ziklomotor elektriko zozkatuko ditu abenduaren 3ra arte azterketa teorikoa euskaraz egiten duten gazteen artean. Horrez gain, Getxoko Udalak gasolina erosteko 100 euroko hiru txartel zozkatuko ditu, ohi bezala.

Aurreko edizioko saridunek ere bat egin dute kanpainaren mezuagaz. Joseba Arriolak azterketa euskaraz egitea gomendatu du, bere ama-hizkuntza delako eta Udalaren laguntza jasotzeko aukera ematen duelako. Paula Manerok, berriz, euskaraz bizitzen jarraitzeko aukera polita dela nabarmendu du; eta Irati Korralek, motorreko baimena euskaraz atera ondoren, kanpaina euskara sustatzeko tresna egokia dela azpimarratu du.

Informazio gehiago www.gidabaimenaeuskaraz.eus webgunean jaso daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun