Suhiltzaileek amaitutzat jo dute, gaur goizean, Itzubaltzeta/Romoko Aurrezki Kutxa kaleko 16. zenbakiko lehenengo solairuan gertatutako sutea. Bertaratu diren Larrialdi Zerbitzuek eraikin barruan zeuden pertsona guztiak atera ostean, inguruak itxi dituzte sutea kontrolpean eduki arte.
Momentuz, dagoen informazio apurraren arabera, ez da zauritu larririk izan, eta Artatza zein Uriostetik gerturatutako Suhiltzaileen aburuz posible da sutearen iturria "su elektriko" bat izatea. Bertaratu diren Osasun Zerbitzuek bost pertsona zaindu behar izan dituzte kea arnasteagatik, eta azken orduko informazioaren arabera sua piztu den etxeko bizilaguna bere kabuz irten da kalera.

Getxoko Udalak berriki plazaratutako prentsa oharraren arabera "Une honetan, udal teknikariak eraikinaren egoera aztertzen ari dira, eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak bertan daude, eraikinean bizi diren pertsonei nolabaiteko laguntza ematea beharrezkoa balitz ere".