PPk salatu du Muxikebarrik zazpi urtez ez duela aretoak alokatzeko aukerarik eskaini

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 12a

Muxikebarri Ereaga aretoa barrutik, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko PPk ohartarazi duenez, Muxikebarri kultur etxea 2019an zabaldu zenetik zazpi urte igaro dira udal-gobernuak guneak alokairuan jartzeko izapideak martxan jarri arte. Eduardo Andrade bozeramailearen arabera, egoera horrek "urteetan oztopatu" du udalerriko kultur bizitza independentea, eta ekimen askok Bilbora edo beste herri batzuetara jo behar izan dute beren jarduerak garatu ahal izateko.

Popularren esanetan, udal-programazioak aurrera egin duen arren, Muxikebarrik ez du eskaini "halako eraikin batean oinarrizkoa den zerbitzu bat". Kultur etxeak bost ikuskizun-areto eta erabilera anizteko hainbat gelak ditu, besteak beste. Horren ondorioz, PPk "kudeaketa arduragabe eta luzaroko" egoera ikusten du, udalerriko ekipamendu kultural garrantzitsuenetako baten inguruan.

Andradek nabarmendu duenez, muga horrek ez du soilik jarduera kulturala baldintzatu: "Udalak berak diru-sarrerak sortzeko aukera galdu du, eraikinaren mantentzea finantzatzen laguntzeko", eta, gainera, inguruko merkataritza eta ostalaritzak ere "itzulera ekonomiko handiagoa" izateko aukerak galdu dituela uste du. PPren iritziz, atzerapenak "kudeaketa ereduaren definizioan izandako berandutzak, prozedura argirik eza, barne-burokrazia gehiegizkoa eta epe luzerako ustiapen estrategia faltak" eragin ditu.

PPK erantsi du arrazoia ez dela "arazo tekniko bat", baizik eta "planifikazio falta, kontrol falta eta erantzukizun administratibo falta". Horregatik, Andradek "gardentasuna berehala" eskatu du, erabilera-irizpide argiak ezartzea eta "egoera hau ahalbidetu duten prozeduren berrikuspen sakona" egitea, antzeko egoerak berriro gerta ez daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun