Portu Zaharrerako sarbidea moztuko dute Getxo Music & Food jaialdiagatik

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 12a

Portu Zaharreko bizilagunek bakarrik izango dute sartzeko aukera.

Getxo Music & Food jaialdiaren X. edizioa ospatuko dute aste-akabu honetan Algortako Portu Zaharrean, eta 10.000 pertsona baino gehiago batzea aurreikusten dute. Hori dela eta, Getxoko Udaltzaingoak zaintza- eta kontrol-dispositibo berezia ezarriko du, ekitaldia segurtasunez garatu dadin.

Trafikoan ere eragina izango du jaialdiak. Udaltzaingoak Ereagako igogailutik Portu Zaharrerako sarbidea moztuko du hiru egunetan: barikuan, ekainaren 12an, 18:00etatik 00:00etara; zapatuan, ekainaren 13an, 12:00etatik 00:00etara; eta domekan, ekainaren 14an, 12:00etatik 20:00etara.

Tarte horietan, Portu Zaharreko bizilagunek bakarrik izango dute sartzeko aukera, dagokion baimena izanez gero.

Udalak herritarrei eta bisitariei gomendatu die neurriak kontuan hartzea, inguru horretara joateko orduan joan-etorriak aurrez antolatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun