Aurtengo berrikuntza nagusietako bat edukieraren kontrolari lotuta egongo da. Kanpoko igerilekuetako sarbideetan kontagailu digitalak jarri dituzte, eta unean uneko okupazio-maila informazio-pantailetan zein Getxo Kirolaken webgunean kontsultatu ahal izango da. Esparruak gehieneko edukiera betetzen duenean, sarbidea aldi baterako mugatuko dute, eta erabiltzaileak irten ahala sartu ahal izango da berriro.
Fadurako igerileku olinpikoaren urteko mantentze-lanak irailaren 14tik 30era egingo dituzte; beraz, egun horietan ez da erabilgarri egongo. Barruko igerilekuak, bestalde, uztailaren 1etik aurrera zabalduko dituzte jendearentzat, astelehenetik barikura, 16:30etik 19:30era; aste-akabuetan eta jaiegunetan, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. Kasu horretan, abuztuaren 31tik irailaren 13ra itxita egongo dira mantentze-lanengatik.
Gobelako kiroldegia uda osoan egongo da zabalik, baina bertako igerilekuak abuztuaren 17tik 30era itxiko dituzte, urteko mantentze-lanak egiteko. Igerileku horien ordutegia 07:30etik 21:30era izango da aste barruan, eta 08:00etatik 21:30era aste-akabuetan.
Andra Mariko kiroldegiak ere udako ordutegia izango du ekainaren 16tik irailaren 15era: 08:30etik 13:45era eta 17:30etik 21:30era. Jendearentzako arreta-bulegoek, berriz, goizez baino ez dute zabalduko irailaren 15era arte, 08:15etik 14:15era.