Andoni Egaña eta Oihana Bartra balkoitik balkoira bertsotan arituko dira barikuan Portu Zaharrean

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 16a

Algortako Portu Zaharrak bertsolaritzako hitzordu berezienetako bat hartuko du barikuan, ekainaren 19an: Andoni Egaña eta Oihana Bartra balkoi banatatik arituko dira bertsotan, 21:30etik aurrera; izan ere, Algortako Bertsolari Eskolak antolatutako Balkoitik Balkoira saioaren 28. edizioa egingo dute.

Balkoitik Balkoira ekimenak bertso-plazaren ohiko formatua aldatzen du, bi bertsolariak elkarren aurreko balkoietan kokatuta. Hala, Portu Zaharreko arkitektura eta gaueko giroa saioaren beraren parte bihurtzen dira, bertsoak balkoi batetik bestera eta plazan bildutako entzuleengana zabalduz.

Algortako Bertsolari Eskolak 1999an antolatu zuen lehen saioa, San Nikolas plazan, 1802an Tolosan hasitako balkoitik balkoirako tradizioa berreskuratzeko asmoz. Hurrengo urtetik aurrera Portu Zaharreko Etxetxu plaza bihurtu zen ekimenaren agertoki, eta ordutik punta-puntako bertsolari ugari igaro dira bertatik.

Aurten, Egaña eta Bartra izango dira bertso-saio ezagunaren protagonistak. Antolatzaileek bertsozaleak eta herritarrak Portu Zaharrera hurbiltzera gonbidatu dituzte, udako gauetako hitzordu errotuenetako batez gozatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun