"Getxo Lagunkoia" programaren bigarren etapa abian jarri dute

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 17a

Romo Kultur Etxean elkartu ziren Getxo Lagunkoia programaren diagnostikoa egiteko.

Getxo Lagunkoia programaren bigarren diagnostiko parte-hartzaileari lehen ekarpenak egiteko 60 bat pertsonak elkartu ziren Romo Kultur Etxean egindako jardunaldian. Horren helburua udalerri "atseginagoa, inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa" eraikitzea da.

Jardunaldian, udal-teknikariek, adinekoen elkarteetako kideek eta gizarte- zein komunitate-eragileek parte hartu zuten datozen urteetarako lehentasunak eta jarduera-ildo berriak zehazten hasteko helburuagaz. Horretarako, hainbat lan-mahaitan banatu ziren, besteak beste, garraioaren, etxebizitzaren, espazio publikoen, gizarte- eta osasun-zerbitzuen, inklusioaren, belaunaldien arteko harremanen, kirolaren eta kulturaren inguruko ekarpenak egiteko.

Carmen Diazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak, nabarmendu zuenez, egitasmoak herritarren entzutean eta eguneroko esperientzian oinarritu behar du: azpiegiturez, bizikidetzaz, gizarte-kohesioaz, belaunaldien arteko justiziaz eta espazioak, zerbitzuak eta harremanak antolatzeko moduaz. Getxo "adin guztietako pertsonentzat bizitzeko udalerri hobea izan dadin".

Proiektua duela ia hamar urte sortu zen, Osasunaren Mundu Erakundearen Hiri eta Komunitate Lagunkoien ikuspegia udalerrian txertatzeko. Udalak gaineratu duenez gizartea aldatu egin da eta "Getxo atseginago bat eraikitzea udalerri osoari dagokion zeregina da". Horretarako, zahartzearen gaia ikuspegi komunitario eta partekatu batetik lantzea beharrezkoa da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun