Tintaz betetako Algortagraff jaialdia ospatuko dute abuztuaren 1ean

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 29a

Gutxi falta da Algortagraff hiri-artearen jaialdia ospatzeko eta, Asier Martiarenak iragarri duenez, aurtengo edizioa ustekabez beteta dator. Aurten, txipiroia izango da jaialdiaren irudia: “Txipiroiak euren tintarekin zikintzen dute, grafiteroak bezala”. Ideia horrekin, 7. edizioan, kaleak kolorez, zaletasunez eta giro onez bete gura dituzte.

Aurten, jaialdia ez da bakarrik Basagoiti kalean geratuko; Las Barrerasera, Salsidura, Ameztira eta Metroko plazara ere helduko da; horma, mugimendu eta herriko toki berrietara jaialdia zabaltzeko helburuagaz. "Las Barrerasen, tabernariek egiten ez badute ez dago jarduerarik, eta Metroko plazan ere ia ez da ezer egiten. Orduan, urte honetan leku gehiagotan jarriko ditugu furgonetak; Telletxeko izkinan, Metroko plazan, Salsidun eta Ameztin; lehen, azken hau jaietako tokia zen, baina orain tabernariek ez badute ezer egiten, guztiz amatatuta dago", azaldu du Martiarenak. 

Berak nabarmendu duen bezala, egun bakarreko jaialdia izan arren, lan asko dago jaialdiaren atzean: "Artistak aurkitzea eta furgoak lortzea lan handia da. Urtero pixka bat errazagoa den lana, baina lan handia da berdin". Azaldu duenez, artisten hautaketa urtero aldatzen da eta jaialdian ikuskizun artistiko desberdinak erakusteko helburuagaz hainbat lekutako artistak batzen dituzte. "Hemen maila badago, orain dela bi urte Nestor Otaño, Nexgraff, etorri zen, muralista profesionala dena, baina bertako estiloak oso berdintsuak dira, baina beste leku batzuetatik etortzen direnak estilo ezberdinekin etortzen dira", azaldu du. Urtero lekuko artistak Burgosetik, Madriletik, Bartzelonatik, Andaluziatik eta beste hainbat lekuetatik etorritako artistakaz elkartzen dira.

Carolina Carmona, Algortagraff 2025

Urteak pasa ahala, jaialdia arrakastatsuagoa bihurtzen da, eta Martiarenak aitortu duen bezala, hori jaialdiaren mailaren igoeragaz batera doa. Adierazi duen moduan, Algortagraff asko aldatu da azken urteotan, lehengo ekitaldia 2017an izan zen, jai-batzordearen laguntzagaz. Adostu zutenez, batzordeak materialak erosiko zituen eta antolatzaileek –gaur egun 10 dira– jaialdia aurrera eramango zuten. "2018an, tipo batek deitu zidan hipikako kamio luze bat margotu nahi genuen galdetzeko", azaldu du berak, zera gehituz: "Horrela hasi ginen furgonetak eta kamioiak margotzen". 

Ildo horretan, dioenez, urtero herriko hormak margotzeko baimenak eskatzen dituzte, baina hori lortzea ez da erraza izaten. "Norbaitek sinadura edo esaldi politiko bat jartzen badu, Udalak berehala estaltzen du adabaki batekin; azkenean, horma guztiak txarto geratzen dira, tonu desberdinekin geratzen baitira", azaldu du berak, zera gehituz: "Grafiti batekin estali ahal genuke, baina Udalak ez du nahi, grafitiei konnotazio txarra ematen baitzaie. Niri tristea iruditzen zait".

Pablo Gandasegui, Algortagraff 2025

Ildo berean, jakinarazi duenez, bi urte daramatzate izapideak egiten Udalaren laguntza edukitzeko, baina lehenengo Eusko Jaurlaritzak eman behar die euren oniritzia. Horrek izan arte, ezin dute kulturazko laguntzak jaso. Uste dute hurrengo urtean lortuko dutela, baina oraingoz jai-batzordeagaz batera egiten diote aurre jaialdiaren gastuei; euren helburua argi daukate: "Algortagraff grafitigileak artistak ere direla erakusteko aukera izan behar da; grafitia arte-adierazpena baita".

Antolatutako jarduerak

Urtero, jaialdiaren prezioa igo egiten da, ekitaldia hobetzen dutelako eta hainbat gauza berri egiten dituztelako. Martiarenak azaldu duenez, jai-batzordeak portzentaje bategaz laguntzen die, baina haiek buruaski dira; beraz, herriko bezeroakaz akordioak egiten dituzte, hala nola, edariak doanik ematea edo ekarpen bat egitea publizitatearen truke. Edizio honetan, adibidez, berrikuntzetako bat zozketa izango da. Tokiko negozioek 700 eurotan baloratuta dagoen saskia prestatuko dute euren produktuakaz: ardoa, txorizoa, gazta, ile-apaindegiko tratamendua (Pelusonian), mutilentzako beste tratamendu bat (Doris de Caballero ile-apaindegian), bi pertsonentzako zeramika-bonua, Tangora tabernan jateko bonua, etab. Saldutako txartelen diruagaz, jaialdia ordainduko dute: margoak, grafiteroentzako hotela, euren janaria, etab. Txartelek bost euro balioko dute eta Caza tabernan eros daitezke, edo 635 006 908 zenbakira idatziz. 

Gainera, aurten ere merkatua jarriko dute. Antolatzaileak dioenez, merkatuan, etorritako grafitero bakoitzak bere merchandisinga jarri dezake salgai. Antolatzaileek salmenta-lana egiten dute, eta, horrela, grafitigileak ez dira ezertaz kezkatu behar; lortutako diruagaz garraioa, hotela eta  aste-akabuan egindako gastuak ordaintzen baitituzte. Antolatzaileek, bere aldetik, Algortagraff jaialdiaren kamisetak edo tote-bagak ere saltzen dituzte; aurten, gainera, helduentzako zein umeentzako arropa izango dute. Horrekin, hurrengo urtera begirako gastuak ordaintzen dituzte. 

Azkenik, pasa den urtean arrakasta handia izan zuen skate-proben txapelketa berriro egingo dutela iragarri du Martiarenak. Nahi duenak parte hartu dezake 7 urtetik gora, baina adierazi duenez, 16 urtera arte derrigorrezkoa izango da gurasoen baimena eta erantzunkizun-agiria sinatuta edukitzea eta kaskoa eramatea. Txapelketan, hiru froga egongo dira epaimahaiekin. Helburua disfrutatzea, ikastea eta norberak barruan daukana erakustea izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun