Udako solstizio jaia ospatuko dute San Juan gauean Algortan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 17a

Getxoko Udaltzaingoak baimenik gabeko suak zaindu eta zigortuko ditu. © GETXOKO UDALA

Algortako San Nikolas plazak udako solstizio jaia hartuko du berriro ekainaren 23an, martitzenean, San Juan gauaren harira. Familiei zuzendutako ospakizuna izango da, eta hainbat elkartek antolatu dute, Azebarri Kultur elkartearen eta Getxoko Udalaren laguntzagaz.

Egitaraua 18:00etan hasiko da, umeentzako aurpegia margotzeko tailerragaz. Ondoren, disko festa egingo dute, baita Boliviako eta Filipinetako dantzak ere. Txokolate-jana eta munduko postreak ere izango dira.

20:30ean bertso saioa izango da, eta, amaitzeko, 21:00ak aldera, konjurua, Urdiaingo San Juan Kantaita eta suaren inguruko dantzak egingo dituzte. San Juan gauaren beste ohiko ospakizun batzuk ere izango dira Getxon: Itxas Argia elkartearena Malakaten, eta Zubilletakoa, auzoko jaien egitarauaren barruan.

Segurtasuna eta prebentzioa

Getxoko Udaltzaingoak baimenik gabeko suak zaindu eta zigortuko ditu ekainaren 23ko arrasti-gauean. Era berean, baimendutako suen erretze kontrolatua gainbegiratuko du, istripuak saihesteko.

Udaltzaingoak, Ertzaintzagaz elkarlanean, prebentzio-zerbitzua jarriko du martxan hondartzetatik gertu dauden eremuetan, eta presentzia handituko du ospakizun-guneetan, istiluak eta herritarrentzako eragozpenak saihesteko. Adingabeei alkohola konfiskatzeko neurriak ere indartuko dituzte, eta debekatutako lekuetan kontsumitzea eragotziko dute.

Udalak gomendatu du hondartzara baliozko objekturik edo sakelako telefonorik ez eramatea; eta eramanez gero, une oro kontrolpean edukitzea. Halaber, udal Babes Zibilak Artatzako Suhiltzaileen Baseari jakinarazi dio Getxon suagaz baimendutako ekitaldiak egingo direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun