Getxoztar batek Kaishop! kanpainaren sari nagusia irabazi du

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 22a

Aurtengo edizioak parte-hartze handia izan du. © GETXOKO UDALA

Getxoko Gorka Saituak irabazi du Kaishop! Erosi euskaraz herrian! kanpainaren sari nagusia: Eneko Atxaren jatetxean bazkaria. Saria astelehen eguerdian jaso du Algortako San Nikolas plazan, Zaloa Campillo zinegotziaren eskutik.

Kaishop! ekimenaren helburua ostalaritza eta merkataritzako establezimenduetan euskararen erabilera sustatzea da. Kanpaina Getxon ez ezik, Gernika-Lumon, Leioan eta Txorierriko Mankomunitatean ere garatu da, herritarrak tokiko merkataritzan euskaraz aritzera animatzeko.

Aurtengo edizioak parte-hartze handia izan du. Antolatzaileen arabera, ia 2.000 lagunek bete dute zozketan parte hartzeko galdetegia, eta horietatik 1.312 Getxon egin dira. Parte-hartzaileek aukera izan dute kaleetan ibili den erruletaren bidez zein udalerriko Euskararen Laguna Saltokiak sareko 272 establezimenduetan kanpainarekin bat egiteko.

Kanpainaren sustatzaileek positibotzat jo dute herritarren erantzuna, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia indartzeko helburua bete dela nabarmenduz. Sari banaketagaz amaiera eman zaio aurtengo edizioari, baina ekimenaren xedeak bere horretan jarraitzen du; hau da, eguneroko erosketetan eta harremanetan euskara erabiltzea sustatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun