Droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute Getxon

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 23a

Miaketetan agenteek 35,6 kilo haxix, 3,8 kilo kokaina, 4,6 kilo marihuana, kilo bat metanfetamina antzeman dituzte. © POLIZIA

Ertzaintzak, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak batera egindako operazio batean, droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute, eta hamar pertsona atxilotu dituzte. Ikerketaren arabera, sareak Getxoko etxebizitza batean zuen operazioen erdigunea, eta beste hainbat pisu erabiltzen zituen droga gordetzeko eta banatzeko Getxon, Bilbon eta Donostian.

Operazioa Guardia Zibilaren Bizkaiko Polizia Judizialeko Unitate Organikoak, Getxoko ertzain-etxeko Droga Taldeak eta Espainiako Poliziaren Gasteizko Estupefaziente Taldeak garatu dute elkarlanean. Hiru polizia-kidegoek beren ikerketetan antzemandako informazioak gurutzatu ostean, helburu berberak zituztela ikusi eta jarduera bateratua koordinatu zuten.

Polizia-iturrien ustetan, taldeak Getxotik zuzentzen zuen jarduera, eta Getxon, Bilbon eta Donostian zituen droga gordetzeko erabiltzen ziren etxebizitzak. Operazioaren fase nagusian sei miaketa egin dituzte: lau Getxon, bat Bilbon eta beste bat Donostian. Esku-hartzean, gainera, Ertzaintzaren Txakur Unitateak, Guardia Zibilaren Bilboko konpainiako patruilek eta Getxoko Udaltzaingoak ere parte hartu dute.

Miaketetan agenteek 35,6 kilo haxix, 3,8 kilo kokaina, 4,6 kilo marihuana, kilo bat metanfetamina, kilo bat mozteko substantzia, 33 estasia pilula, 63 klenbuterol pilula, 17 oxandrolona pilula eta beste substantzia batzuen kopuru txikiak atzeman dituzte. Horrez gain, 15.081 euro eskudirutan, suzko arma labur bat, arma simulatu bat, matxete bat eta beste arma zuri batzuk ere esku hartu dituzte.

Atxilotutako hamar pertsonetatik zortzi espainiarrak dira, bat paraguaitarra eta beste bat boliviarra. Poliziaren arabera, horien artean dago taldearen ustezko burua. Jarduketak Getxoko 2. Instrukzio Epaitegiak koordinatu ditu, eta epailearen esku utzi ostean, lau atxilotu behin-behinean espetxeratzeko agindua eman dute. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez dute baztertzen auziagaz lotutako jarduera gehiago egitea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun