Fadurako igerileku olinpikoa itxi dute gorotz-arrastoak aurkitu ostean

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 23a

Itxierak ez ditu Fadurako aisialdi-eremu guztiak eragin.

Ezustekoa hartu dute gaur Fadurako kanpoko igerileku olinpikora freskatzera joandako erabiltzaileek. Bero-boladaren erdian, Getxo Kirolakek instalazioa hustu eta ixteko erabakia hartu du uretan gorotz-arrastoak atzeman ostean.

Osasun-protokoloek agintzen duten bezala, hondakin organikoak detektatu bezain pronto autokontrol-plana aktibatu dute, eta, ondorioz, igerileku olinpikoa ezin izango da erabili gutxienez eguaztenera arte; hau da, bihar arte. Mantentze-lanetako langileek uraren kalitatea egiaztatzeko beharrezko analisiak egingo dituzte goizean, eta emaitzak egokiak badira, instalazioak ohiko jarduerari ekingo dio berriro.

Itxierak, hala ere, ez ditu Fadurako aisialdi-eremu guztiak eragin. Solariuma eta haurrentzako kanpoko igerilekuak zabalik mantenduko dituzte 21:30era arte, edukiera mugatu egingo duten eta gehienez 750 lagun sartzen utziko dituzten arren. Gainera, arrastian barruko igerilekuak ere erabilgarri izango dira erabiltzaileentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun