Getxoko Udalak 171 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu 2026ko lehen bost hilabeteetan

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 26a

Besteak beste, Udalak etorkizuneko Getxobusa garatzeko 450.000 euroko hasierako partida aurreikusi du. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak 171 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu 2026ko lehen bost hilabeteetan, zerbitzu, inbertsio eta proiektu estrategikoak bultzatzeko. Udalak nabarmendu duenez, kudeaketa ekonomikoari eta azken urteetan metatutako aurrezkitik txertatutako 41,7 milioi euroei esker egin ahal izan du aurrera bide-orri horretan, udal-zorra zeroan mantenduta.

Amaia Aguirre Getxoko alkateak adierazi du udalerriak "argi" dituela datozen urteetako erronka nagusiak, eta horien artean kokatu ditu etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, irisgarritasuna, auzoetako inbertsioak, kultura eta kirol ekipamenduen modernizazioa eta jasangarritasuna. Udalaren arabera, jarduera horiek guztiak helburu beraren barruan kokatzen dira: herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta Getxo etorkizunerako prestatzea.

Etxebizitzarako sarbidea da udalaren lehentasunetako bat. Behin betiko onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 4.471 etxebizitza berri aurreikusten ditu, eta horietatik 3.044 babes ofizialekoak izango dira. Horrez gainera, 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako alokairurako laguntzak eta Itzubaltzeta/Romoko etorkizuneko Belaunaldiarteko Zentroa aipatu ditu Udalak; azken horrek adinekoentzako egoitza eta gazteentzako 40 zuzkidura-bizitoki uztartuko ditu.

Gizarte-kohesioari dagokionez, Udalak 14,69 milioi euro mobilizatu ditu, 2025ean baino % 12,65 gehiago. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako zuzkidura % 23 handitu dute, 3 milioi eurora heldu arte, eta berdintasun-politikek, gaztelekuek, zahartze aktiboari lotutako programek eta gizarte-erakundeekiko lankidetzak ere baliabide gehiago izango dituzte. Halaber, Itzubaltzeta/Romoko Haurreskola berria irailean irekiko dutela aurreikusi dute, 0 eta 2 urte arteko haurrentzako 34 plaza publiko berrigaz.

Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren arloan, Udalak etorkizuneko Getxobusa garatzeko 450.000 euroko hasierako partida aurreikusi du, auzoen arteko lotura hobetzeko. Salsidu etorbideko arrapala mekanikoen modernizazio integrala ere lizitatu dute, ia milioi bateko aurrekontuagaz, eta bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzua zein bidegorri-sarea indartzen jarraituko dute. Era berean, Areetako Kale Nagusia erdi-oinezko bihurtzeko lanak amaitzeko eta hainbat auzotan espazio publikoa hobetzeko jarduerak jasota daude.

Jasangarritasunaren arloan, Getxok Azkorri eta Larrañazubi bezalako naturaguneak babesteko eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak bultzatzen jarraituko du, tartean Babesleku Klimatikoen Plana. Administrazioaren modernizazioari dagokionez, eraldaketa digitalerako 2,62 milioi euro bideratuko dituzte. Kulturaren eta kirolaren esparruetan, Getxo Kulturak 14,66 milioi euro izango ditu, eta Getxo Kirolakek 18,88 milioi eurotik gora; besteak beste, Punta Begoña Galeriak berreskuratzeko lanak, Villamonte Kultur Etxeko erreformaren bigarren fasea eta Fadurako atletismo eta errugbi harmailetako eraikinaren berritzea aurreikusi dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun