Helburua espazio horrek etorkizunean izango duen erabilera definitzea da, herritarren parte-hartzea eta ondarearen kontserbazioa uztartuz. Izan ere, Galeako Gotorlekua irekitzea izan zen Getxoko herritarrek gehien babestu zuten bigarren proposamena 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileetan.
Plan Estrategikoa egiteko lehiaketak hiru ardatz nagusi izango ditu: herritarren parte-hartzea prozesu osoan zehar bermatzea, gotorlekuaren etorkizuneko bideragarritasun ekonomiko zein soziala ziurtatzea eta haren ondare-balioa zorrotz errespetatzea. Horretarako, kultura-intereseko ondasun baten babes-irizpideak aplikatuko dira.
Punta Begoña Fundazioaren Patronatuak udal ordezkariei aurkeztu dizkie proiektuaren ildo nagusiak. Bertan azpimarratu dute gotorlekuak balio historiko, kultural eta paisajistiko handia duela, eta berreskuratzeak onura nabarmena ekar diezaiokeela bai Getxori, bai Bizkaiari eta Euskadiri oro har.
Berreskurapen-lanak martxan daude
Azken hilabeteetan hainbat jarduketa egin dira monumentua berreskuratzeko bidean. Besteak beste, espazioaren egoera aztertu da, barrualdea eta ingurunea garbitu dira, lorezaintza-lanak egin dira eta gotorlekuaren historia biltzeko zein etorkizuneko bisita gidatuak prestatzeko lanak abiatu dira. Era berean, herritarren parte-hartze prozesua diseinatzen ari dira, getxoztarrek gotorlekuaren etorkizunari buruzko iritzia eman ahal izan dezaten.
Udalaren asmoa Galeako Gotorlekua ondare historiko gisa berreskuratzeaz gain, herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko espazio bihurtzea da. Horretarako, datozen urteetan egingo diren esku-hartzeek monumentuaren kontserbazioa eta erabilera soziala uztartu gura dituzte.