Kresaltsu Romo ikastetxe publikoaren eraikin hexagonalean egongo da, eta Getxoko bigarren haur-eskola publikoa izango da, Algortako Egunsentia haur-eskolagaz batera. Udalak martxoan jakinarazi zuenez, zentro berriak gela bat izango du 0 eta 1 urte arteko haurrentzat, eta beste bi gela 1 eta 2 urte artekoentzat. Obrak egiteko, Udalak 612.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Europar Batasuneko Next Generation funtsen kargura; lanen kostua, gutxi gorabehera, 900.000 eurokoa izango dela aurreikusi zuten.
Izena emateko aukera 2025ean eta 2026an jaiotako haurren familiek izango dute, eta eskaerak aurrez aurre aurkeztu beharko dira Getxoko Herritarren Arretarako Bulegoetan. Algortako bulegoa Torrene kaleko 3. zenbakian dago, eta Areeta/Romokoa, Las Mercedes kaleko 13. zenbakian, Getxo Elkartegiaren ondoan. Bi bulegoetako ordutegia 08:00etatik 14:00etara izango da, astelehenetik barikura.
Haurreskola Partzuergoak zehaztu duenez, ekainaren 26an argitaratutako behin betiko zerrendetan plaza lortu duten familiek ere Kresaltsun lekua eskatu ahal izango dute, baina horretarako izen-emate berria egin eta dokumentazio guztia berriz aurkeztu beharko dute. Era berean, lehendik plaza duten familiek haur-eskola berrira lekualdatzea eskatu ahal izango dute; Kresaltsun plaza lortuz gero, aurretik zuten plaza galduko dute, eta plazarik lortu ezean, aurrekoa mantenduko dute.
Onarpen-prozeduraren egutegiari dagokionez, behin-behineko zerrendak uztailaren 17an argitaratuko dituzte; erreklamazioak eta zuzenketak uztailaren 20an eta 21ean egin ahal izango dira, eta eskaerari uko egiteko azken eguna uztailaren 24a izango da. Behin betiko zerrendak uztailaren 27an kaleratuko dituzte. Udal-gobernuak nabarmendu du Kresaltsuk lana eta familia uztartzeko aukerak indartuko dituela Getxon, eta udalerriko haur-hezkuntzako plaza publikoen eskaintza handituko duela.