"Esperimentatu, ikertu eta garatu sormena!" lelopean, parte-hartzaileek STEM arloak landuko dituzte, hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. Saioetan proiektuak, esperimentuak eta erronka berriak garatuko dituzte, ikerketan eta teknologian adituak diren profesionalen laguntzagaz. Elhuyarreko Bizilabe programako arduradun Aitziber Lasak azaldu duenez, helburua da gazteak mundu profesionalera hurbiltzea eta zientziaren zein teknologiaren inguruan dauden estereotipoak apurtzea, bereziki neskek ere euren etorkizuna arlo horietan irudikatu ahal izan dezaten.
Zaloa Campillo Getxoko Udaleko zinegotziak nabarmendu duenez, ekimenak aukera berriak zabaldu gura dizkie gazteei, “balio erantsi handiko ikasketak, lanbideak eta bizi-proiektuak” ezagutu ditzaten. “Teknologiak etorkizuna du, eta euskalduna, berdinzalea eta inklusiboa ere izan behar du”, adierazi du Campillok, eta familiak animatu ditu seme-alabak Bizilaben izena ematera.
Jarduera 2026ko urritik 2027ko maiatzera bitartean egingo da, Benta egoitzan, Maidagan kaleko 53. zenbakian. Astelehenetan izango dira saioak, bi ordutegitan aukeran: 17:00etatik 18:30era edo 18:30etik 20:00etara. Kuota arrunta 45 eurokoa izango da; familia ugarientzat edo guraso bakarreko familientzat 30 eurokoa, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familientzat 12 eurokoa.
Izena emateko lehen epea uztailaren 6ra arte egongo da zabalik, eta uztailaren 10ean jakinaraziko zaie onartutakoei matrikula nola egin. Bigarren epea uztailaren 7tik irailaren 22ra artekoa izango da, eta irailaren 23an emango zaie informazioa onartutakoei. Izen-ematea online egin daiteke Bizilaberen webgunean edo Udalak zabaldutako formularioaren bidez; informazio gehiago www.getxo.eus/euskara helbidean edo 94 466 00 10 telefonoan eskura daiteke.