Getxok 53 aparkaleku berri irabaziko ditu Sarrikobason egingo diren obrakaz

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 30a

Lanek Elorri kalean 18 plaza berri sortzea ahalbidetuko dute. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak aste honetan hasiko ditu Elorri, Gaztelumendi eta Kasune kaleetako espazioa berrantolatzeko lanak. Helburua bikoitza da: auzoko irisgarritasuna hobetzea eta aparkatzeko arazoari irtenbide bat ematea. Obrak amaitutakoan, inguruak 53 aparkaleku berri izango ditu.

Jarduketa hau "Getxo Txukun" parte-hartze prozesutik sortutako proposamenetako bat da. Sarrikobasoko bizilagunek auzoan egin beharreko hobekuntzak mahai gainean jarri zituzten entzute-prozesuan, eta eskaera horietako bat aparkaleku gehiago sortzea eta kaleak erosoago egitea izan zen.

Lanek Elorri kalean 18 plaza berri sortzea ahalbidetuko dute; guztira 42 izango dira. Gaztelumendi kalean, berriz, 35 aparkaleku gehiago egingo dira, eta 87 plaza izango ditu amaieran. Horrez gain, espaloiak jaitsi eta zabalduko dira, oinezkoentzako mugikortasuna hobetzeko.

Obren barruan, Elorri, Gaztelumendi eta Kasune kaleak berrasfaltatuko dituzte, eta Gaztelumendiko plaza txikia ere eraberrituko da. Bertan, adinekoentzzako ariketa-eremua, haurrentzako jolasguneak, banku berriak eta maskotentzako edateko iturri bat jarriko dituzte. Inguruko iturriak ere berrikusi eta zakarrontzi berriak instalatuko dira.

Argiteria berria eta bizikletentzako zerbitzu berria

Proiektuak argiteria ere berrituko du. Guztira, 119 farola aldatuko dituzte, sodio-lurrunezko sistemak kendu eta LED teknologiako luminariak jartzeko. Horrek energia-kontsumoa murrizteaz gain, argiztapen hobea eskainiko du hainbat kaletan eta inguruko parkeetan.

Bestalde, Ollarretxe eta Sarrikobaso kaleen arteko bidegurutzean bizikletak garbitzeko gune bat jarriko da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Instalazioa hornidura- eta saneamendu-lanak amaitu ondoren egingo da.

Obrek 11 asteko iraupena izango dute. Hasiera batean "Getxo Txukun" ekimenerako aurreikusitako aurrekontua 200.000 eurokoa bazen ere, Udalak 165.000 euro gehiago gehitu ditu jarduketa guztiak gauzatu ahal izateko. Guztira, 365.000 euroko inbertsioa egingo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun