Espedizioari hasiera emateko harrera egin die Atharratzeko Udalak. Milou Castan udal ordezkariak "Onki xin Atharratzera" esanez hartu ditu gazteak, eta gogorarazi du aurten Korrika ere bertatik abiatu zela eta Bizkaian amaitu zela. Harreraren ostean, lehen familia-argazkia atera dute, eta horregaz batera abiatu da hilabeteko abentura.
Euskal Herriko hamaika txokotatik heldu dira parte-hartzaileak Atharratzera: Ataun, Azkaine, Berroeta, Etxebarre, Iruñea, Izpura, Laudio, Ortuella, Oion, Sestao edo Usurbildik, besteak beste; diasporako gazteak ere batu dira, tartean Sant Cugat del Vallèsetik etorritakoak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hasierako urduritasuna eta ilusioa nabariak izan dira lehen orduetatik, eta bazkalostean gitarrek eta kantuek girotu dute taldea, Zea Maysen eta Rotten XIIIren kantuak abestuz.
Lehen gauaren ostean, bihar helduko zaie jzioquitarrei lehen erronka fisikoa: 18 kilometroko etapa egingo dute Maulera iristeko. Bidean, hamaika kilometro, lagun berri eta bizipen partekatuko dituzte, den-dena euskaraz, EuskarAbenturak 2018an sortu zenetik izan duen helburuari eutsita: gazteen euskararen erabileran eragitea eta euskara bizipen positiboakaz lotzea.
Aurtengo espedizioak koordinazioan ere berritasunak ditu. Libe Martinez de Rituerto Zeberiok eta Garazi Hurtado Prietok hartu dute Irune de la Maza Olagortaren eta Alaitz Elizburu Agirreren lekukoa. Biak lehen eta bigarren espedizioetan jzioquitar izan ziren, eta geroztik lan-talde urdinean aritu dira. "Aurten ardura berria dugu, eta horrek puntu gehigarri bat dakar", azaldu du Libek; Garazik, berriz, "urduritasun positiboa" dela nabarmendu du, "espedizio bakoitza berria eta bakarra" delako.
Koordinatzaile berriek eskerrak eman dizkiete egitasmoa posible egiten duten babesleei eta bidelagun guztiei. Izan ere, haien laguntzari esker, urtero ehun gazte baino gehiagok hilabete luzez arnasgune ibiltari batean parte hartzeko aukera dute, Euskal Herria oinez zeharkatuz eta euskara harreman, abentura eta komunitatearen erdigunean jarrita.