Aurtengo egitarau nagusia gaur bertan abiatuko da Muxikebarrin, 22:15ean, Moisés P. Sánchez piano-jotzaile eta konpositorearen kontzertuagaz. Grammy Latinorako izendatutako musikari madrildarrak Dedication II azken lana aurkeztuko du, Javier Vercher, Toño Miguel, Naima Acuña eta Cristina Mora gonbidatu bereziagaz batera. Aurretik, 21:00etan, Taldeen Lehiaketako lehen saioa izango da, Saúl Andreu Quartet taldearen eskutik.
Datozen egunetan, nazioarteko jazz-eszenako izen handiak igaroko dira Getxotik. Camille Thurman saxofoi-jotzaile eta abeslari estatubatuarra uztailaren 2an arituko da Darrell Greenen laukoteagaz; uztailaren 3an, jaialdiko hitzordu nagusietako bat izango da Charles Lloyd maisuaren kontzertua, Jason Moran eta Marvin Sewellegaz; uztailaren 4an, Pepe Rivero piano-jotzaileak gidatutako Sketches of Latin Miles proiektuak Miles Davisen omenezko latin jazz proposamena ekarriko du; eta uztailaren 5ean, Immanuel Wilkins saxofoi-jotzaile gazteak itxiko du jaialdia bere laukoteagaz.
Talde Lehiaketak ere presentzia nabarmena izango du, kontzertu nagusien aurretik. Aurten Europako lau talde gazte izango dira finalistan: Frame italiarra, Lurium frantziarra eta Cristopher Pérez Quartet zein Saúl Andreu Quartet estatuko taldeak. Azken egunean jakinaraziko dute irabazlea, eta talde sarituak berriro joko du jaialdiaren amaierako kontzertuaren aurretik.
Kaleko programazioak ere indarra izango du edizio honetan. Algortako Geltokia plazan, 19:00etan, Hirugarren Milurtekoa zikloko emanaldiak izango dira egunero, Daniel García Triogaz, Scannapieco-Geremia Quintetegaz, Idle Moments taldeagaz, Iosu Izaguirre Sextetegaz eta Borja Barruetaren Lambertiana proiektuagaz. Horrez gainera, Jazz for Children ikuskizuna, Thalatha taldearen emanaldia, Indigo Jazzen kontzertua Muxikebarri aurrean, Mimo’s Dixie Banden kalejira musikala eta The Piper’s Irish Pubeko jam sessionak izango dira. Romo Kultur Etxean, gainera, Ricardo Carrillo de Albornozen Instanteo argazki-erakusketa ikusgai egongo da.