Udalak azaldu duenez, pinudiaren ingurua ez ezik, aurten beste espazio bat ere mugatu dute Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriak jasotzen dituen ingurumen-irizpideak aplikatuta. Eremu hori Ingurumen Hobekuntzarako gune gisa jasota dago, kostaldeko txilardi lehor atlantikoen habitatagatik, eta, ondorioz, ezingo da bertara sartu ezta bertan egon ere. Ekitaldiaren aurreko egunetan ere zainduko dute eremua.
Segurtasunari dagokionez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak dispositibo bateratua garatuko dute, pertsonen segurtasuna bermatzeko. Udaltzaingoak karpa bat jarriko du jai-eremuaren erdigunean, bertaratzen direnentzat informazio eta laguntza puntu gisa, eta polizia ibiltariak ere izango dira. Trafiko-mozketak, bide-segurtasuna, delitu-egitateen prebentzioa eta larrialdietako laguntza koordinatuko dituzte; horrez gain, sarbideak eta aforoak kontrolatzeko kamerak jarriko dituzte berriro.
Ingurumenari lotutako neurriak ere indartuko dituzte. Udalak informazio-kartelak jarriko ditu eremu naturalak errespetatzeko eta zuhaitzak iltze, soka, inausketa edo bestelako praktiken bidez ez kaltetzeko. Horrez gain, larrialdi-zerbitzuek eta garbiketa-kamioiek sartzeko bideak egokituko dituzte, argi- eta ur-puntuak jarriko dituzte, edukiontzien kopurua handituko dute eta hondakinen gaikako bilketa egingo dute, baita ekitaldia amaitu ondorengo egunetan ere.
Aurreko urteetan bezala, Udalak bitartekaritza-lantalde bat kontratatu du kuadrillakaz lan egiteko. Arkitekto batek eta gizarte-hezitzaile batek osatutako taldeak segurtasunari, ebakuazio-bideei, hondakinen kudeaketari, etxolen eraikuntzari eta ingurumenarekiko errespetuari buruzko informazioa emango die parte-hartzaileei. Ekainaren 30ean egin zuten lehen bilera kuadrillakaz, eta uztailaren 10etik aurrera taldea Aixerrotako zelaietan izango da gomendioak betetzen direla bermatzeko.