Fadurako igerilekuan itotze-zantzuak izan ostean erreskatatutako adingabea onera doa

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 6a

Sorosleek berehala esku hartu zuten neskatoa uretatik ateratzeko.

Atzo arrastian gertatu zen ezbeharra. Sorosleek berehala atera zuten neskatoa uretatik, suspertze-lanak egin zizkioten eta ospitalera eraman zuten.

 

Fadurako igerileku olinpikoan itotze-zantzuak zituen adingabe bat erreskatatu behar izan zuten domeka arrastian. Sorosleek berehala esku hartu zuten neskatoa uretatik ateratzeko, eta lehen suspertze-lanak egin zizkioten anbulantzia iritsi bitartean. Ondoren, ospitalera eraman zuten.

Getxo Kirolakek gaur bertan jakinarazi duenez, adingabeak gaua ospitalean eman du prebentzioz, baina bere osasunak hobera egin du eta bilakaera ona izan du.

Gertatutakoaren harira, Getxo Kirolakek gogorarazi du adingabeek ezinbestekoa dutela heldu baten zaintza uretan daudenean, bereziki igerilekuetan jende gehien biltzen den orduetan. Erakundearen arabera, neurri horrek umeen segurtasuna bermatzen laguntzen du, eta, aldi berean, sorosleen lana errazten du larrialdi egoeretan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun