Gobelaurre kalea itxiko dute martitzenetik aurrera, Leioako ur-ihes bat konpontzeko lanengatik

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 7a

Getxoko Udalak gomendatu die gidariei behin-behineko seinaleei eta desbideratzeei arreta berezia jartzea.

Amaia etorbidean egingo dituzte obrak, baina trafikoa eten egingo dute Gobelaurre kaleko 17. zenbakitik aurrera, Santa Ana aldera doazen ibilgailuentzat.

Gobelaurre kaleko zirkulazioak aldaketak izango ditu uztailaren 8tik aurrera, Leioako Udalak Amaia etorbidean ur-ihes bat konpontzeko egingo dituen lanen ondorioz. Obrak Leioako udalerrian egingo badira ere, trafikoa eten beharko dute Gobelaurre kaleko 17. zenbakitik aurrera, Putzegileko biribilgunera eta Santa Ana ingurura doazen ibilgailuentzat.

Getxoko eta Leioako udalek jakinarazi dutenez, lanek iraun bitartean eremua eta ordezko ibilbideak behar bezala seinaleztatuko dituzte, segurtasuna bermatzeko eta mugikortasuna errazteko. Oraingoz, ordea, ez dute zehaztu obrek zenbat iraungo duten; matxuraren garrantziaren eta hura konpontzeko beharrezko lanen araberakoa izango da iraupena. Zirkulazioa ohiko egoerara itzultzen denean, herritarrei jakinaraziko dietela ere aurreratu dute.

Bien bitartean, Getxoko Udalak gomendatu die gidariei behin-behineko seinaleei eta desbideratzeei arreta berezia jartzea, eta, ahal den neurrian, Santa Ana aldera joateko ordezko bideak erabiltzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun