Getxoko Udalak herritarren mugikortasuna hobetzeko Bizkaibuseko bi linea berreskuratzea eskatu du

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 8a

Getxoren eta aireportuaren artean Bizkaibusen linea zuzen bat sortzea ere eskatu du.

Udalak hainbat alegazio aurkeztu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari Uribe Kosta errepideko bidaiarien erabilera orokorreko garraio erregularraren zerbitzu publikoaren aurreproiektuari.

Zehazki, bi linea mantentzea eskatu dute. Alde batetik, Bizkaibuseko Areeta/Las Arenas-Berango A3422 lineako Bolue (Villamonte) eta Arene kaleetan kendutako geltokiak, horiek Algortako goiko aldean bizi eta Artea merkataritza-gunera joan nahi duten pertsonei ematen diotelako zerbitzua. Eta, beste aldetik, Muskiz eta Getxo lotzen dituen A338 linea Areetako geltokiraino mantentzea eskatu dute; linea hori Muskiz eta Barakaldo-Ansio artean ezarri dutelako, Getxo eta Leioa zerbitzurik gabe utziz, eta Getxoko herritarrei ezkerraldeko zati handi bateraino joateko zuzeneko garraioa kenduz.

Gainera, Udalak Getxoren eta aireportuaren artean Bizkaibusen linea zuzen bat sortzea ere eskatu du. Euren bezalako udalerrietatik eta Portugalete, Santurtzi, Sopela, Berango edo Leioatik joateak Bilbon edo Barakaldon transbordoak egitea eskatzen duelako; hori dela eta, Udalak salatu du bidaia denborak nabarmen handitzen dela, hegaldiekaz, lanakaz edo turismoakaz lotutako joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzea zailduz. Ildo horretan, alternatiba bakarra garraio pribatua erabiltzea dela azaldu dute, eta horrek ere arazoak dakartzala trafikoagaz, hala nola Avanzadakoan edo Txorierriko Korridorean, are gehiago 77.000 biztanle inguru dituen Getxo bezalako udalerrietan.

Azkenik, Udalak argudiatu duenez, alegazio horiekaz apustu bat egin du Getxo helmuga turistikoa izan dadin, bere "ondare historikoa, hondartzak eta enklabea baliatuz", eta apustu horrek sarbide erraza eskatzen duela aireportuagaz garraio publikoaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun