Berak antolakuntzan daramatzan urteetan jaia asko aldatu dela aitortu du: "Giroa beti izan da izugarri ona, baina azken urteetan 'makrojaialdi' kutxua hartu du. Lehen ere bisitariak etortzen ziren, noski, baina orain, gazte asko eta asko etortzen dira beraien 'litroekin', eta hori lehen ez zen gertatzen. Hala ere, jairik onena izaten jarraitzen du".
Ospakizunak ospakizun, Unanuek deitoratu du festa antolatzeak gero eta lan gehiago exijitzen diela: baimenak, paperak, tramiteak... "Lehen errazagoa zen dena". Horrez gain, belaunaldi berriei antolakuntza-lanetan ere parte-hartzeko deia egin die: "Erreleboa egongo balitz nik pozik utziko nieke besteei gauzak antolatzen, baina jendea falta zaigu horretarako".
Eremu gutxiago
Aurten, Getxoko Udalak ospakizunerako esparrua are gehiago mugatuko duela iragarri du. Aurreko urteetan pinudira sarbidea galarazi bazuten, eremu horretako ingurumena babesteko, bada, aurten, Udalak iragarri du pinudiaz gain, sarbidearen ezkerraldean dagoen eremura sartzea ere debekatuko duela. Azaldu dutenez, ingurumen-arriskuak minimizatzeko hartu dute erabakia, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriak gune hori Ingurumen Hobekuntzako gune gisa babesten duelako.
Egitaraua:
Uztailak 25, zapatua
- 10:30 Nazioarteko Paella Lehiaketan izen-ematea.
- 12:00 Txalaparta deia UKTESTen eskutik.
- 12:05 Aurreskua.
- 12:10 Dantza emanaldia Itxas Argia dantza taldeko txikien eskutik.
- 13:30-14:30 Paellen aurkezpena.
- 17:30 Sari-banaketa.
- 18:30 Erromeria Lehian! taldeagaz.