La Galeako itsasargi berriak daborduko behin betiko itxura hartu du

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 9a

Kokaleku berriak nabigaziorako seinalearen funtzionamendua hobetuko du.

Getxoko kostaldean dagoen La Galeako itsasargiak jatorrizko kupula berreskuratu du daborduko, eta, horri esker, lehen aldiz ikus daiteke nolakoa izango den ia amaituta dagoenean. Bilboko Portu Agintaritzak iazko azaroan esleitu zituen obrak, eta aurreikuspenen arabera, uda ostean amaituko dituzte lanak. Hala ere, martxan jarri aurretik hainbat proba tekniko egin beharko dituzte.

Itsasargia gaur egungo kokalekutik lekualdatzen ari dira. Orain arte etxebizitza bateko lurzatian egon da, itsaslabarretik urrunago, baina aurrerantzean itsasotik hurbilago egongo da, gaur egun laino-sirena dagoen 3.540 metro koadroko lursailean. Bilboko Portu Agintaritzaren arabera, kokaleku berriak nabigaziorako seinalearen funtzionamendua hobetuko du.

Ia 29 metro koadro izango dituen eraikin berriak teknologia eguneratua izango du, baina itsasargiaren ondare historikoaren zati bat ere mantenduko du. Izan ere, optika, linterna, beiratea, kapitela eta kupula berrerabili dituzte eraikin berrian, itsasargiaren nortasuna gal ez dadin.

Obra hauek, gainera, beste helburu bati ere bidea zabalduko diote. Itsasargi berria martxan jartzen denean, gaur egungo instalazioa dagoen lursaila desjabetu ahal izango da, eta Getxoko Udalak eremua erosteko prozesuari ekingo dio. Horretarako, 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusi du.

Udalaren asmoa hiru hamarkada baino gehiagoz erabilerarik gabe egon den gunea berreskuratzea eta herritarren eskura jartzea da. Horretarako, egungo itsasargia eta haren inguruko eraikinak zaharberritu gura dituzte, ondare-balioa eta paisaia errespetatuz, eta aisialdirako zein paseorako espazio publiko bihurtu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun