Jaurlaritzak 16 zuzenketa eskatu dizkio Getxoko Udalari Larrañazubiko konpostatze plantan

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 10a

Larrañazubiko instalazioa 2022an jarri zuten martxan. © GETXOKO UDALA

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Getxoko Udalari Larrañazubiko konpostatze eta lehortze plantan 16 zuzenketa egiteko eskatu dio. Instalazioak 2024aren amaierara arte proba-fasean jardun zuen, eta etorkizunean urtean 90.000 tona hondakin organiko tratatzeko gaitasuna izatea aurreikusten da. Horretarako, Getxokoaz gain, Uribe Kostako gainerako udalerrietako hondakin organikoak ere bertara eramatea aurreikusten dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak.

Janire Ocio Azpiegitura zinegotziak azaldu duenez, eskakizunak instalazioan egindako "ohiko eta aldizkako ikuskapen" baten ondorio dira, eta antzeko beste azpiegitura batzuetan ere egin dira. Haren esanetan, Udalak dagoeneko zuzenketa batzuk egin ditu eta gainerakoak gauzatzen ari da.

"Oraindik ez da alarma pizteko moduko egoera", adierazi zuen Ociok udal osoko bilkuran. Azaldu zuenez, arazoak larriak izan balira instalazioa ixtea aginduko zuketen, baina kasu honetan ingurumen-organoak hobetu beharreko alderdiak jakinarazi ditu eta Udalak dagoeneko erantzun die.

PPko bozeramaile Eduardo Andradek, ordea, ikuskapenean jasotako gabezien larritasuna azpimarratu zuen. Haren esanetan, arazo nagusiak lixibiatuen kudeaketagaz daude lotuta; hau da, hondakinetatik sortzen diren likido kutsagarrien kontrolagaz. Besteak beste, konpostak estalitako kutxatila bat, lixibiatuen putzuaren mantentze-lan eskasa eta ihesik ez dagoela bermatzeko baldintzak behar bezala justifikatu ez izana aipatu zituen.

EH Bilduko Ibon Rodriguezek ere azalpenak eskatu zizkion gobernu-taldeari, eta mantentze-lanetan izandako "ez-betetze larriak" nola justifika zitezkeen galdetu zuen. Ociok erantzun zuen planta "egoera onean" dagoela, eta ikuskapena duela urtebete baino gehiago egin zela gogorarazi zuen. Gainera, ordutik aurrera astean egun bat hondakinik jaso gabe uzten dela azaldu zuen, mantentze- eta konponketa-lanak egiteko.

Eskualde osoko hondakin organikoak tratatzeko helburua

Larrañazubiko instalazioa 2022an jarri zuten martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Garbikerren arteko akordioari esker. Helburua Bizkaiko beste tratamendu-instalazio batzuen zama arintzea eta hondakinen garraioak eragiten duen karbono-aztarna murriztea da. Garbikerrek 875.000 euroko inbertsioa egin zuen plantan, eta haren ustiapena Getxoko Udalaren esku geratu zen.

Ociok emandako datuen arabera, iaz 680 tona hondakin organiko tratatu ziren instalazioan. Gaur egun kopurua oraindik txikia bada ere, datozen urteetan handitzea espero dute, eskualde osoko hondakin organikoak bertan tratatzen hasten direnean. Une honetan ekoitzitako konposta udalaren beraren kontsumorako erabiltzen da, batez ere lorategiak ongarritzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun