Getxoko biztanleen % 19k maiz edo beti bakardadea sentitzen du, eta %12 bakarrik bizi da, gehienak 65 urtetik gorakoak. Horrez gain, herritarren %63k ez ditu auzokideak laguntza-sare gisa ikusten, eta %88k auzoan harremanak sustatzeko aukera gehiago behar direla uste du.
Horiek dira Getxon egindako diagnostiko baten ondorio nagusiak. Datu horietatik abiatuta, Moviendote elkarteak VecinDIARIO egitasmoa jarri du martxan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Helburua auzoak berriz ere elkargune eta elkarren arteko babesgune bihurtzea da, gura gabeko bakardadeari aurre egiteko.
Azterlanaren ondorioen arabera, bakardadeak ez du modu berean eragiten Getxoko auzo guztietan. Izan ere, Algortan kasu, bakardadea harremanen kalitate eskasagaz lotzen da; Areetan, berriz, lotura ahul edo zatituakaz. Andra Mariko auzoa ere aztergai izan dute eta bertan bakardadea sakabanaketagaz lotzen dute. Negurin, askotan ikusezina dela ondorioztatu dute.
Itzubaltzeta/Romo da auzo guzti horien salbuespena. Diagnostikoaren arabera, auzo horrek "babeserako egitura-gaitasun handiena" du, eta auzokideen arteko harremanak sendoagoak dira.
Auzoko harremanak sendotzeko jarduerak
VecinDIARIOren bidez, hainbat ekimen antolatuko dituzte datozen hilabeteetan. Besteak beste, horma-irudi komunitario bat margotuko dute, podcastak grabatuko dituzte, sentsibilizazio-kanpainak egingo dituzte eta belaunaldien arteko topaketak sustatuko dituzte.
Egitasmoaren sustatzaileen ustez, helburua ez da soilik bakarrik dauden pertsonengana iristea, auzokideen arteko eguneroko harremanak indartzea baizik, laguntza-sare naturalak berreskuratzeko.
Boluntarioen bila
Ekimenak boluntario berriak ere bilatzen ditu, bereziki 18 eta 30 urte bitarteko gazteak. Antolatzaileek azaldu dutenez, pertsona konprometituak eta auzoan harreman berriak sortzeko gogoa dutenak behar dituzte.
Proiektuan parte hartu edo informazio gehiago jaso gura dutenek vecindiario.com eta bizkaiagara.eus webguneetan eman dezakete izena.