Getxon, gune morea jai seguruen alde

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 14a

Udalak adierazi duenez, gunearen helburua erasoen biktimentzako zaintza eta laguntza zuzena eta berehalakoa ematea, eta indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioa ere eskaintzea izango da.

Bertan, erasoa jasan duten emakumeei edo LGTBIQA+ pertsonei laguntzeko, artatzeko eta aholkatzeko hainbat emakume profesional egongo dira. Gunea tokiko hainbat jaietan aurkituko ahal izango da; Aixerrotako paelletan, Romoko jaietan edo Mesedeetako jaietan, besteak beste. 

Udaletik gaineratu dutenez, arreta "biktimen zaintzan, eta euren iritzi eta nahiekiko errespetuan oinarrituta" egongo da. Gainera, Ertzaintzagaz, Udaltzaingoagaz eta Udalagaz egongo dira harremanetan eraso guztiak koordinatzeko eta erantzun publikorako protokoloaren aktibazioari buruzko informazio guztia eskuragarri izateko.

Amaia Agirre alkatearen eta Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziaren arabera, Getxoko Udalak jai seguruen, indarkeria matxistarik gabekoen eta pertsona guztiak errespetatzen dituzten jaien aldeko konpromisoa berretsi nahi du; baita jai-batzordeekiko eta kolektibo feministekiko koordinazioa indartzen jarraitu ere. Azaldu dutenez, arreta, laguntza eta sentsibilizazioaren alde, gune moreak erasorik gabeko jaiak edukitzeko urratsak ematen ditu.

Gune morearen ordutegia
  • Aixerrotako paellak: uztailaren 25eko arratsaldean eta gauean.
  • San Inazio jaiak, (Algortako etorbidean): uztailaren 29tik abuztuaren 1era arteko gauetan.
  • Romoko jaiak (Santa Eugenia eta Kresaltzu kaleen artean): abuztuaren 5, 6, 7 eta 8ko gauetan.
  • Portu Zaharreko jaiak (txosna gunearen ondoan): abuztuaren 12tik 15era arteko gauetan.
  • Mesedeetako jaiak, Areetan (Andres Larrazabal kalean): irailaren 25eko eta 26ko gauetan.
  • Hezetasun jaiak, (parkean): azaroaren 6ko eta 7ko gauetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun