Udako jaiak 2026

Santa Anako Jai Batzordea: "Jai txikiak galtzearen beldur gara"

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 23a

Jaiek hiru egun baino ez badituzte ere, prestaketak urte hasieran abiatzen dira.

Santa Anako jaiak lau lagunek baino ez dituzte egiten posible. Erreleborik ezean, Jai-batzordeko kideek ez dute ospakizun hauen etorkizuna argi ikusten.

Jaiek hiru egun baino ez badituzte ere, prestaketak urte hasieran abiatzen dira. "Urtean zehar lau katu gara lan guztia egiten dugunak", aitortu dute. Ez dira astero elkartzen, ezta eguneroko bilerak egiten ere. Urtarrilean hasten dira lehen urratsak ematen, bakoitzak bere bizitzagaz uztartu behar duen lan boluntario bati ekinez. Batzuk auzotik kanpo bizi dira, besteek ordutegi zailak dituzte, eta horregatik bilerak gutxi dira; lana, ordea, ez.

Kanpotik denak erraza dirudi: kontzertuak, etxeko txikienentzako jolasak, kirola edo bazkariak. Baina ekitaldi bakoitzaren atzean telefono-deiak, baimenak, bilerak eta antolakuntza daude. Jai-batzordean argi dute hori guztia errazagoa izango litzatekeela taldean jende gehiago egongo balitz.

Arazoa, haien ustez, auzoaren errealitatean dago. "Ez dago benetako bizitza bat auzoan", diote. Gazte askok egunerokoa Areetatik kanpo egiten dute, eta horrek zaildu egiten du, modu batean edo bestean, harremanak sortzea eta belaunaldi berriei lekukoa pasatzea. Hala ere, jaietan auzotar askok laguntzeko prest daudela azpimarratu gura dute: "Hutsunea urte osoan zehar nabaritzen da, ez bakarrik jaietan".

Oroitzapenak oinarri gisa

Nekea pilatzen denean, askotan haurtzaroko irudiak datozkie burura. Amantzio tronpalaria, futbol 3ko txapelketak edo txapel-jaurtiketan aitari irabazi zion lehen aldia dira gogoan dituzten horietako batzuk.

Egun, ordea, beste une bategaz geratzen dira; hau da, plaza berean haurrak, gazteak, gurasoak eta adinekoak elkarregaz ikustea. Hori da, haien esanetan, "jai herrikoi baten benetako zentzua".

"Jaiak galtzearen beldur gara". Horixe da urtez urte lanean jarraitzeko arrazoirik handiena. Haiek desagertuko balira, auzoko jaiak ere ez liratekeela gaur ezagutzen ditugun modukoak izango diote: "Jai-batzorderik gabe, Santa Anako jaiak meza soil bat izango lirateke".

Dei bat belaunaldi berriei

Etorkizunari begira, ez dute mirari handirik espero. Bai, ordea, jende berria gerturatzea. Azaldu dutenez, jaietako egitura ez da urtero goitik behera aldatzen, eta pertsona gehiagoren artean lana askoz arinagoa izango litzateke.

"Gu hemen egongo gara transmisio hori egiteko", diote. Ez dute lekua utzi gura, baina badakite jai herrikoi batek bizirik jarraitzeko ezinbestekoa dela belaunaldi berriek ere pausoa ematea. Azken batean, Santa Ana auzoko jaiak ez dira hiru eguneko egitarau bat bakarrik, urte osoan isilean lanean aritzen diren lau lagunen konpromisoari esker pizten den sua dira; auzo oso batek elkartzeko eta oroitzapen berriak sortzeko aitzakia. Eta, haien hitzetan, "hori galtzea, auzoaren zati bat galtzea da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun