"Jendeak ikusten ez duen lana da handiena", diote. Izan ere, ehun jarduera baino gehiago prestatzen dituzte urtero, herriko elkarte, kirol-talde, kultur eragile eta kolektiboakaz batera. Jaiak ez dira inprobisatzen; elkarlanean eraikitzen dira.
Denboragaz, festak antolatzeko modua ere aldatu dela onartzen dute. Egun, segurtasunak edo espazio publikoaren erabilerak gero eta baldintza gehiago eskatzen dituzte, eta horrek boluntarioen lana zaildu egiten du.
"Lehen modu naturalagoan egiten ziren gauza asko; gaur egun, berriz, irizpide tekniko gehiago bete behar dira", azaldu dute. Hala ere, ez dute hori kexa moduan bizi gura. Alderantziz; izan ere, jaiak herrikoiak izaten jarraitzea eta, aldi berean, garai berrietara egokitzea dute helburu.
Jaiak, egun osoko kontua
Askotan, jaiak parrandagaz lotzen dira. Jai-batzordeko kideek, ordea, beste irudi bat dute. Haien ustez, Algortako saninazioak adin guztientzat dira, eta horregatik saiatzen dira goizetik gauera arte denentzako tokia egiten. Horren adibide da Gazterdi Txapelketa. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek jaietan euren lekua izan zezaten sortu zuten. "Nerabezaroan ez da beti erraza jaietan norberak bere lekua aurkitzea", azaldu dute.
Eta horrek agerian uzten du kuadrillek duten pisua; hau da, Algortako jaiak ulertzea ezinezkoa da kuadrillak aipatu gabe. Ez dira soilik parte-hartzaileak, jaiaren "bihotza" ere badira. Kaleak girotzen dituzte, probetan parte hartzen dute eta, gero eta gehiago, antolakuntzako ardurak ere hartzen dituzte.
"Zorionez, azken urteetan kuadrilla berri asko batu dira", diote pozik, "belaunaldi berriek ere jaiak bizitzeko gogoa dute". Jai herrikoi batek bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa baita urtez urte indar berriak batzea.
"Nerabezaroaren tarte horretan ez da erraza izaten norberak bere lekua aurkitzea jaietan", dio jai-batzordeak. Horregatik sortu zuen Gazterdi Txapelketa, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena. Jai-batzordearen asmoa gazteek ere jaiak lehen pertsonan bizitzea zen. Gaur egun, gero eta kuadrilla gehiagok ematen dute izena, ekimenak urtez urte indarra hartzen duen seinale.
Sari neurtuezina
Jai-batzordean egoteak ordu asko kentzen ditu, baina "jaiak beste ikuspegi batetik bizitzeko aukera ematen du antolakuntzan egoteak; lana da, bai, baina ematen dugun adina jasotzen dugu". Herriko jendea ezagutzea, eragileakaz elkarlanean aritzea eta denon artean zerbait handia eraikitzea da, haien esanetan, "esperientziaren benetako ordaina".
Horregatik, gero eta jende gehiagok parte hartzea gura dute. Ez bakarrik jai-batzordean sartuz, baita ekarpen txikienakaz ere. Izan ere, euren ustez, jai herrikoiak ez dira batzorde batenak, herri osoarenak baizik.