Udako jaiak 2026

Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jai-batzordea: "Jaiak ez dira astebetean antolatzen"

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 30a

Jaiak ez lirateke posible izango Jai Batzordea bakarrik ariko balitz.

Itzubaltzeta/Romoko eta Pinuetako jaiak iristen direnean, kaleak musikaz, txosnez eta jendez betetzen dira. Herritarrek ikusten dutena, ordea, izozmendiaren punta baino ez da.

Oholtza gainean gertatzen den guztiaren atzean hilabeteetako lana dago, eta lan hori urte osoan zehar egiten dute Jai Batzordeko boluntarioek. "Jendeak festa ikusten du, baina ez atzean dagoen guztia", azaldu du Gaizka Vadillok. Jaiak amaitu bezain laster hasten dira hurrengo urtekoak prestatzen. Ez dira jaiak bakarrik: Olentzero eguna, inauteriak eta urtean zehar antolatzen diren beste hainbat ekitaldi ere euren esku daude, auzoko eragileakaz elkarlanean.

Askok uste dute kontzertuak lotzea dela lanik handiena, baina hori hasiera baino ez da. Baimen administratiboak, txosnaren hornidura, Herri Krosa, babesleak edo tabernakaz egiten den koordinazioa ere lanaren parte dira.

"Txikikeria diruditen gauzak ere hilabete askoko aurrerapenarekin prestatu behar dira", dio Dorkaitz Garciak. Horregatik elkartzen dira martitzenero, egitekoak banatu eta prestaketak aurrera eramateko.

Azken urteetan, gainera, lana gero eta konplexuagoa bihurtu dela diote. "Gero eta baimen eta dokumentazio gehiago eskatzen dizkigute", azaldu du Vadillok. Horren ondorioz, aholkularitza profesional baten laguntza ere kontratatu behar izan dute. Hala ere, udalagaz koordinazioa ona dela azpimarratu dute, batez ere logistika eta azpiegiturei dagokienez.

Egitarauaren oinarriak urtero antzekoak izan arren, berrikuntzarako tartea ere badago. Aurten, esaterako, Arrasti Girotua (Salseoa) izango da nobedade nagusietako bat. "Ideiak beti daude; askotan, dirua da muga", diote.

Auzoko talentua sustatzea ere bada jaien helburuetako bat. Horregatik antolatzen dute urtero Maketa Lehiaketa: talde hasiberriek euren proiektua aurkezten dute, eta irabazleak jaietako agertokian jotzeko aukera eskuratzen du. Aukera paregabea!

Belaunaldi berrien arnasa

Azken hilabeteetako kezkarik handiena erreleboa izan da. Urte luzez pertsona berberek hartu dituzte ardurak, eta askok badakite pixkanaka lekukoa pasa beharko dutela.

"Animatu, bestela hau noizbait desagertu egingo da". Horixe izan da auzoko gazteei egin dieten deia, eta badirudi fruituak eman dituela: lau edo bost gazte batu dira Jai Batzordera.

"Ikusten da gogoa badagoela", dio Vadillok. Belaunaldi berriek ez dute soilik esku gehiago ekarri; "ideia berriak eta etorkizunerako lasaitasuna ere ekarri dituzte".

Baina jaiak ez lirateke posible izango Jai Batzordea bakarrik ariko balitz. Kuadrillek txosnako txandak betetzen dituzte, materiala mugitzen dute eta kontzertuetan laguntzen dute. Horrez gain, Sasieskola Dantza Taldea, Romo Futbol Taldea, ITF kolektibo feminista, merkatariak eta ostalariak ere jaien parte dira.

"Jendeak programa ikustean erakunde bakar batek dena antolatzen duela pentsatzen du, baina atzean jende eta kolektibo asko dago elkarrekin lanean", nabarmendu du Vadillok.

Jaiak barrutik bizitzea

Jaiak hasten direnean, lana ez da amaitzen. "Goizeko seietan etxera joan, eta hamarretan berriro hurrengo ekitaldia prestatzen ari gara", dio Garciak. Vadillok ere antzeko irudia marraztu du: "Hiru edo lau ordu horiek inork ez ditu ikusten".

Nekea handia da, baina ordaina ere bai. "Jai Batzordean sartzen zarenean mundu guztiz desberdina ezagutzen duzu", dio Vadillok. Garciarentzat, berriz, baliorik handiena auzoko jendeagaz sortzen diren harremanak dira: "Bizitza osoan gurutzatzen zenituen pertsonekin hitz egiten hasten zara. Jaiek auzokideen arteko lotura hori sortzen dute".

Azken batean, Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaiak ez dira zazpi eguneko ospakizuna bakarrik. Urte osoan isilean lanean aritzen den jende askoren ahaleginari esker, auzo oso bat elkartu eta bizirik mantentzeko aitzakia dira

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun