Aurkeztu dutenez, emanaldia azaroaren 21ean izango da, Muxikebarrin. Bertan, musikari zuberotarrak Hapa-Hapa taldeak eta Euskal Herriko hainbat sortzaileek parte hartuko dute: Xabi Leon teklatu-jotzailea, Süne, Pello Artabe, eta Getxoko ordezkari gisa, Irantzu Garamendi eta Ainhoa Aranburu.
Gorka Mostajo Galdurok Getxoko Udalaren zinegotziak azaldu duenez, proiektuak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko loturak kulturaren, euskararen eta pertsonen arteko topaketaren bidez sendotzeko helburua du. Urteotan, musika, literatura, arte eszenikoak, bertsolaritza eta familiei zein gazteei zuzendutako jarduerak hartu ditu programak.
"Kultura komun bat daukagu, eta kultura komun hori indartu gura dugu, gure kultura indartuz"
Mostajok adierazi duenez, mende laurden honetan zehar, garatzen eta berritzen joan da, diziplina eta ikuspegi berriak txertatuz, baina bere izaera galdu gabe: zubiak eraikitzea, esperientziak partekatzea eta mugak gainditzea; edo ezarri dizkiguten mugak gainditzea. "Kultura komun bat daukagu, eta kultura komun hori indartu gura dugu, gure kultura indartuz", gaineratu du.
Niko Etxart 70eko hamarkadatik aurrera rocka euskaraz egiten aitzindaria izan zen eta euskal musikaren berrikuntzan hainbat ekarpen egin ditu. Hala ere, musikari zuberotarrak umorez hartu du omenaldiaren ideia. Prentsaurrekoan azaldu duenez, "omenaldi" hitzak "kutsu bat" dauka berarentzat; oraindino bizirik dagoela gogoratu du. Hori dela eta, adierazi du Muxikebarriko hitzordua ez dela omenaldi solemnea izango, baizik eta "Hapa Hapa taldearen kontzertu normal bat".
Etxartek aurreratu duenez, kontzertuak rocka, bluesa, folk kutsuko doinuak eta kanta herrikoiak izango ditu barne. Horrez gainera, kantu batzuk berreskuratuko dituztela azaldu du, eta hainbat gonbidatu izango dituela oholtzan. Bere esanetan: "kantu bakoitza bere haurra da"; beraz, bere lana pieza horiek zaintzea eta publikoarengana eramatea da. Horregatik, omenaldia baino gehiago, kantuen transmisioa eta belaunaldien arteko lotura nabarmendu ditu.
EITBk ere bat egingo du ekimenagaz. Andrea Ibañezek prentsaurrekoan azaldu duenez, azaroaren 21eko kontzertua grabatuko dute, ondoren Oholtzan saioan eta ETB on plantaforman eskaintzeko. Ildo horretan, ekimenak zerbitzu publiko gisa duten egitekoagaz bat egiten duela azaldu du: Euskal kulturaren sorkuntza, transmisioa eta hedapena bultzatzea. "Gure konpromisoa da herritarrei kalitateko edukiak eskaintzea, euskal kulturaren adierazpenik esanguratsuenak ikusgarri eginez eta sortzaileei merezi duten tokia emanez", gaineratu du.
Iparra Galdu Gabek bere 25. urteurrena ospatuko du hasieratik izan duen izpirituari eutsita: Iparraldea eta Hegoaldea kulturaren bidez lotzea. "Niko Etxarten ibilbide artistiko bikaina ospatzeaz gain, ekimen honek hasieratik izan dituen balioak ere ospatuko ditugu: elkarrizketa, sormen partekatua eta kulturaren bidez Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko borondatea", seinalatu du Gorka Mostajok.