Ekimenak 1.300 futbolari baino gehiago eta 100 talde inguru bilduko ditu. Akordioagaz bat egin dute Arenas Club, CD Getxo, Romo CF, Bolue Getxo Eskola, CD Galea, Bizkerre, Adrebol, Portuzarra, Iturgitxi, SD Neguri eta Arraultzaldeon FT taldeek.
Akordioak ez du klubak bateratzea aurreikusten. Aitzitik, guztiek euren izaera eta egitura propioari eutsiko diote, baina hainbat arlotan elkarregaz lan egingo dute: prestakuntza-metodoak partekatzen, teknologia erabiltzen, baliabideak koordinatzen eta instalazioen erabilera hobeto antolatzen. Horretarako, gobernantza-organo partekatu bat eta kirol-proiektu bateratua sortuko dituzte.
Helburuen artean daude, besteak beste, jokalarien prestakuntza hobetzea, balioetan heztea, kluben egitura profesionalizatzea eta Getxoko futbolaren antolaketa sendotzea.
Kirolaz harago
Proiektuak kirol arloa gainditu gura du, eta komunitatean ere eragina izan. Horretarako, familiei, ikastetxeei eta herriko beste eragile batzuei zuzendutako jarduerak sustatuko dituzte, futbola kohesiorako eta parte-hartzerako tresna bihurtzeko asmoz.
Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziaren esanetan, akordioa "denbora askoko lanaren emaitza" da, eta Getxoko futbolaren kudeaketa hobetzen lagunduko du. Era berean, klubek elkarlanerako egindako ahalegina nabarmendu du, bakoitzaren interesak albo batera utzi eta udalerriko jokalari eta familien mesedetan lan egitea adostu dutelako.