Diversit RECI estatu-mailako Kultur Arteko Hirien Sareak antolatu du lehiaketa, eta Getxo 2011tik da sare horretako kidea, ICC Intercultural Cities kulturarteko programaren barruan. Getxoko Udalak, Immigrazio eta Kulturartekotasun Zerbitzuaren bidez, ekimenaren diseinuan parte hartu du, bizikidetza inklusiboago baten aldeko esperientzia eraldatzaileak ikusarazteko asmoz.
Mihaela Jilavu Kulturartekotasun eta Immigrazioko zinegotziak nabarmendu duenez, Bienalak bat egiten du Getxo Antirrazista bezalako zurrumurruen aurkako estrategien helburuekaz: “Ekimen berritzaileak aitortzeaz gain, diskriminazioaren, aurreiritzien eta desinformazioaren aurrean sinergiak eta sormena sustatzen ditu”.
Lehiaketara aurkezten diren proiektuek 2025ean edo 2026an garatutakoak izan beharko dute, eta zurrumurruen aurkako ikuspegiaren printzipioak jaso beharko dituzte; besteak beste, parte-hartze komunitarioa, diskriminazioaren prebentzioa, pentsamendu kritikoa, sormena, intersekzionalitatea eta giza eskubideak. Sariek bost kategoria izango dituzte: gazte-ekimenak, parte-hartze komunitarioa, komunikazio-kanpainak, prestakuntza eta pentsamendu kritikoa, eta nazioarteko ekimenak.
Administrazio publikoek, gizarte- eta kultura-erakundeek, ikastetxeek eta bestelako erakundeek urriaren 1era arte izango dute euren proiektua aurkezteko aukera. Izen-ematea helbidean honetan egin beharko da, eta deialdiaren oinarriak estekan honetan kontsulta daitezke.