Elkarteak dioenez, auzolana eta borondatezko lanaren bitartez, proiektuak "herriko gazteentzako aisialdi hezitzaile eta euskalduna" sustatzea du helburu. Horri esker, hainbat balio lantzen dituzte udalekuetan eta urte osoko jardueretan: mendizaletasuna, natura zaintzea, euskal ondarea ezagutzea, kulturartekotasuna, auzolana eta gazte euskaldunen arteko harremanak sortzea.
Gaineratu dutenez, aurtengo abenturan "Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutu eta euskararen arnasgunea sortu dute". Gainera, parte-hartzaileak bide horri jarraitzeko gogotsu geratu direla aitortu dute.
Haria Eten Barik, euskal ondarea
Haria Eten Barik 2019an sortu zen Getxon, 12 eta 17 urte arteko gazteentzat euskarazko aisialdi-eskaintza falta zegoela ikusita. Ordutik, udaleku ibiltariak, txangoak eta bestelako jarduerak antolatzen dituzte, gazteen artean euskara sustatzeko eta euskarazko harreman-sareak sortzeko. Gainera, 2023an Argia Ereiten Euskara Saria jaso zuen egindako lanagatik.