Azaldu dutenez, jai giroa indarkeria matxista, jarrera homofoboak eta transfoboak normalizatzeko eta areagotzeko testuinguru aproposa izan ohi da, bizi dugun ideia atzerakoien indartzeak eta ideologia matxistak bultzatuta. Gainera, askotan, eraso horiek guztiak ezkutuan geratzen direla azaldu dute; beraz, erasoa jasan dutenak jai-gunetik alde egitera behartuta ikusten dira, eta erasotzaileak, berriz, inpune geratzen dira.
"Instituzioei delegatu diegu eraso hauen kudeaketaren ardura. Baina instituzioek ez dute indarkeria matxistarekin modu estrukturalaren amaitzeko gaitasunik eta erasoen kudeaketa hutsera mugatzen dira, baliabide oso mugatuak bideratuz horretara", tamaldu dute. Ildo horretan, gaineratu dute, baliabide horiek finantzaketa ekonomikoaren eta momentuko interes politikoen menpe direla, eta ez dituztela inondik inora emakume langileon interesak erdigunean kokatzen.
Hori guztia dela eta, Itaiak Paelletako protokoloa aurkeztu du: "Emakume langileok modu independentean antolatzeko bidean, erasoen aurka posizionatzen eta gure interesetara bideratutako bitarteko propioak sortzera bidean lagunduko digun baliabide bat bezala".
Diotenez, protokoloa aurrera eramateko, puntu ezberdinak izan dituzte kontuan: kontzientziazio lana nola egin, protokoloa nola sozializatuko duten, zer prestakuntza behar duten, nolako salaketak egingo dituzten, zer jarraipen emango dieten erasoei jaietatik kanpo…; hala ere, "erasoei aurre egiteko protokoloa ezin da soilik elementu isolatu bezala ulertu. Momentuko kasuak kudeatzeko tresna bat izateaz haratago, jaietan interbenitzeko eran jarri behar dugu fokua, jaiak erasorik gabeko eremu erosoa izan daitezen guztiontzat".