Espedizioa bukatzear dago eta "familia" sentimenduagaz datoz jzioquitarrek. Azaldu dutenez, orain arte egindako bidean, elkarren artean gehiago ezagutzeko eta harremanak estutzeko aukera eta herrialde bakoitzeko euskararen egoera soziolinguistikoa sakonago ezagutzeko ere izan dute.
Gaur azken astea hasi dute Donostiatik abiatuta. Bertan, Jon Insausti Maisterrena Donostiako alkateak jzioquitarrei espedizioan beste behin Donostia geltoki moduan aukeratu izana eskertu die. Jarraian, Arantxa López Simon Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotziak, bere aldetik, abentura ahalik eta gehien zukutzera animatu ditu gazteak. Garbiñe Mendizabal Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, euskararekiko gazteek ere duten arduran jarri du fokoa. Eta, ildo beretik, Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak, espedizioan ikasitakoak zein landutako balioak abenturatik harago zabaltzeko gonbidapena egin die jzioquitarrei.
Adierazi dutenez, bihar Bizkaian sartuko dira, espedizio honen azken pausoak emanez. "Azken egunak badira ere, oraindik asko geratzen da ibiltzeko, ikasteko eta gozatzeko", aitortu dute.
Aurtengo espedizioa
Uztailaren 1ean batu ziren gazte guztiak 8. espedizioa hasteko. Korrikan bezala, Atharratzetik abiatuta, Euskal Herria zeharkatzen ibili dira uztailaren 31n Getxon amaitzeko. “Hamaika kilometro eder, adiskide zoragarri eta kontu berri ezagutuko dituzte bidean, eta den-dena, euskaraz”, azaldu zuten antolatzaileek.
Aurtengo ibilbideari dagokionez, gazteek 650 kilometro inguru egingo dituzte guztira, eta, horietatik, 500 kilometro inguru oinez egingo dituzte. Adierazi zutenez, lehenengoz, Sakana zeharkatuko zuten, Irurtzunetik sartu eta Arbizu zein Olazti ezagututa; eta, Bizkaiko kostaldean, Ondarrun geldialdi berria egingo zuten, uztailaren 31n Getxora heldu arte. Egunero, gutxi gorabehera, 17 eta 20 kilometro arteko etapak egiten ari dituzte.