3 Muga txapelketako txapeldunak ezagutzeko unea heldu da!

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 29a

Algortako lehen goxua txapelketa. © GOXUA ALGORTA

Bihar, Algortako Goxua pilota-txapelketa herrikoiaren aurtengo finalak jokatuko dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi hilabeteko txapelketan zehar giro bikainean pilotaz gozatzeko aukera izan dute, eta, orain, txapeldunak ezagutzeko ordua iritsi da!

Maiatzaren 25ean hasi zuten txapelketa, eta bi hilabetez jokatu dituzte ligaxka eta kanporaketak. Finalak uztailaren 30ean, eguenean, izango dira, Algortako San Inazio jaien barruan, Argia edo Trinitarios frontoian. Banakako txapelketa bada ere, lau t'erdiko jokoan oinarrituta dago, Algortako Argia frontoiaren neurrietara moldatutako arau bereziagaz: pilotak ezin du botea eman 3ko muga zeharkatu aurretik.

Arrasti osoan, musika, edariak, primi herrikoiaren kanporaketak eta bertsolariak, besteak beste, izango dituzte. Euren helburua pilota giro herrikoi batean sustatzea da; horregatik, bertan, maila desberdinetako jokalariak eta emakumezkoen kategoria ere batu dituzte.

Egitaraua:

Uztailak 30, eguena

  • 17:45 Baste/Erkiaga, 3. maila.
  • 18:30 Ortiz de Luna/ Manchobas, 2. maila.
  • 19:15 Ane / Zulueta II, emakumeak.
  • 19:50 Primi herrikoiaren finala.
  • 20:00 Iker Yuste / Olaguenaga, 1. maila.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun