Gaineratu dutenez, txapelketa, duela 19 urte Kopenhagen sortu zena, Europako hainbat hiri zeharkatu ditu azken edizioetan, eta, oraingoan, Getxon, Biarritzen, Bilbon eta Basaurin egingo du geldialdia.
Aurten, antolatzaileek aurreratu dutenez, zaleek Australia, Suedia, Txile, Frantzia eta Japoniako 40 skater baino gehiagogaz gozatu ahal izango dute, besteak beste. Zehazki, emakumezkoetan, Sarah Meurle, Hayley Wilson, Nicole Hause, Georgia Martin, Elisa Steamer eta Bartzelonan bizi den Cata Diaz txiletarra nabarmentzen dira. Gizonezkoen taldeari dagokionez, Noah Mahieu, Dylan Jaeb, Mason Silva, Cyprus Blanco, Shane O’Neill, Stefan Janoski, Eric Koston eta Brian Anderson nabarmentzekoak dira, besteak beste.
Bestalde, Udalak ohartarazi duenez, egun horretan trafikoan izango diren eraginak kontuan hartu beharko dira. Alde batetik, 7:00etatik aurrera, Altube kalean aparkatzea debekatuta egongo dela gogoratu dute, Artagandik Arrigunagako Jaitsiera kaleko bidebanatzeraino, gunea antolakuntzarako gordeta egongo baita.
Bestalde, proba egiten den bitartean, 14:00etatik 23:00etara, aipatutako kaleetan trafikoa eten ahal izango dela jakinarazi dute, jendearen joan-etorriaren arabera. Hala balitz, eraginpeko eremuan dauden garajeetara sartu nahi duten ibilgailuak baino ez lirateke igaroko.
Egitaraua:
Abuztuak 8
- 14:00 Lehiakideen beroketa.
- 15:00 Pool-txapelketa.
- 17:00 Banks eta Half Pipe txapelketa.
- 19:00 Trikimailu onenen atala.
- 21:00 DJen musika Arrigunaga inguruan.