Taldeak adierazi zuenez, Algortan euskara nahi baino gutxiago erabiltzen da; eta, beraz, euskaraz bizitzeko eskubidea ez dago bermatuta. Euren ustez, hori "ez da kasualitatea", baizik eta azken urteotan euskararen aurkako oldarraldia indartu dela.

Ildo horretan, jaietan euskararen erabilera indartzeko, gaztelaniaz eskatzeko kartoizko "leihoak" jarri zituzten. Ekimenaren sustatzaileen helburua euskarak egunerokoan bizi duen bigarren mailako egoera irudikatzea zen, eta, horrek eztabaida politikoa eragin zuen. Hala ere, ekimen hori salaketa sinbolikoa izan zen: egunerokoan euskaldunak hizkuntza erabiltzeko gune edo leihatila berezietara mugatzen diren egoera alderantziz irudikatu zuten.
Agerraldian gaineratu zutenez, erakunde publikoek ez diote euskarari behar besteko babesik ematen. Alde batetik, epaitegiek euskararen aurkako neurriak sustatu dituzte; eta, horren guztiaren ondorioz, kinka larrian dago euskara. Hori dela eta, ohartarazi zuten, herriak euskarari bultzada eman ezean, euskara galzorian egon daitekeela.
Halaber, jaiak euskararen erabilera sustatzeko aukera aproposa direla nabarmendu zuten: euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko, lotsak alde batera utzi eta euskaraz bihotzez aritzeko zein hizkuntza-zapalkuntza salatzeko. "Astin dezagun mingaina euskaraz; astin dezagun euskara Algortan", aldarrikatu zuten.
Horregatik elkartu ziren: euskarari euren atxikimendua adierazteko, euskara erabiltzeko eta sutatzeko konpromisoa hartzen dutelako, eta euskararen aurkako oldarraldia gelditzeko gai izateko helburuagaz. "Erdaraz aritzeko ohitura alboratu eta euskaraz aritzearen aldeko apustua egin dezagun!", eskatu zuten, "Gora jai herrikoi euskaldunak!" aldarriagaz amaitu aurretik.