Hiru pertsona atxilotu dituzte Algortan, indarkeriazko lapurreta-saiakera batek eragindako liskarraren ostean

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 3a

Ikerketa amaitu ondoren, Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu zuen indarkeriazko lapurreta-saiakera egotzita.

Getxoko Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu zapatu arrastian Algortako Beato Domingo Iturrate kalean izandako liskarraren harira. Poliziaren arabera, gertakariak indarkeriazko lapurreta-saiakera baten ondoren piztu ziren, eta borrokan hainbat pertsonak botila hautsiak erabili zituzten.

Gertakariak 16:30 aldera izan ziren. Udaltzaingoak liskar baten berri eman zuen abisua jaso zuen, eta hainbat patruila bertaratu ziren gertatutakoa argitzeko.

Lehen ikerketaren arabera, atxilotutako bi pertsona edariak hartzen ari zen hiru laguneko talde batengana hurbildu ziren, eta, mehatxuen bidez, edariak emateko eskatu zieten. Taldeak uko egin zionean, ustezko erasotzaileetako batek botila bat hautsi eta bertan zegoen pertsona bati eraso zion. Borrokan zehar, beste inplikatu batek ere botila hautsi bat erabili zuen erasotzaileetako bati eraso egiteko.

Liskarraren ondorioz, bi pertsona zauritu ziren eta ospitalera eraman zituzten. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, biak poliziaren zaintzapean daude oraindik, osasun-arreta jasotzen duten bitartean.

Ikerketa amaitu ondoren, Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu zuen indarkeriazko lapurreta-saiakera egotzita; beste bat, indarkeriazko lapurreta-saiakera eta lesio larriak egotzita; eta hirugarren bat, lesio larriak eragitea egotzita. Poliziak eginbideakaz jarraitzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun