Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak domekako goizaldeko 05:00ak aldera izan ziren. Gazte talde batek patruila bati ohartarazi zion emakume bat negarrez ikusi zutela kalean. Agenteak berehala bertaratu ziren, ustezko erasoa etetea lortu zuten eta susmagarria atxilotu zuten.
Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten osasun-arreta jasotzera. Lehen ikerketen arabera, bi pertsonak gau horretan bertan ezagutu zuten elkar. Ertzaintzak ikerketagaz jarraitzen du, eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimentzako arreta-protokoloa aktibatu du.
Getxoko Udalak erasoa gaitzetsi du
Gertakarien ostean, Getxoko Udalak adierazpen instituzionala plazaratu zuen ustezko sexu-erasoa gaitzesteko. Bertan, babesa eta elkartasuna adierazi zizkion erasoa jasan duen emakumeari, eta genero-indarkeriaren aurrean jarduteko udal protokoloa aktibatu zuela jakinarazi zuen.
Era berean, herritarrei dei egin zien emakumeen aurkako indarkeria matxista eta jarrera sexistak gaitzestera, eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jai-giroaren alde egiteko.
Elkarretaratzea Telletxen
Domeka arrastian, Algortako Mugimendu Feministak deituta, dozenaka lagun bildu ziren Telletxen, ustezko sexu-erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko.
Kontzentrazioan egindako adierazpenean, mugimendu feministak jai-giroan ere indarkeria matxistak presente jarraitzen duela salatu zuen, eta "desinhibizioaren eta desfasearen aitzakian" emakumeen gorputzak jomugan jartzen dituen indarkeria sistemikoaren ondorio dela azpimarratu zuen.
Era berean, gogorarazi zuen indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzeko eta espazio seguruak eraikitzeko lanean ari dela urte osoan zehar, baina borroka etengabea dela ohartarazi zuen. "Atzo ere, eraso larri bat salatu zen gure herrian, eta, ziurrenik, salatu gabeko gehiago ere egongo ziren", adierazi zuten.
Azkenik, babes eta elkartasun mezua helarazi zioten erasoa jasan zuen emakumeari. "Bere aurkako erasoa denon aurkako erasoa da", adierazi zuten, eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten, "denok aske biziko garen herri baten alde".